Koronabirusa
Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da Ipar Euskal Herriko eremu publiko itxietan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abuztuaren 1ean sartuko da indarrean agindua. Neurri honen bidez gaitzaren bigarren agerraldi masibo bat ekidin nahi du Gobernuak.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du eremu publiko itxietan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela datorren abuztuaren 1etik aurrera.
Hainbat komunikabideri eskainitako elkarrizketan, Macronek esan du garraio publikoan musukoa erabiltzeko agindua "ondo" bete dela, baina ez dela horrela izan eremu publiko itxien kasuan.
Gauzak horrela, eta azken asteetan kutsatzeak ugaritzen ari direla ikusita, neurri hori ezartzea erabaki du Frantziako Gobernuak. "Kasu positiboak goraka egiten ari dira eta prest egon behar dugu", esan du.
Macronek azpimarratu du balizko bigarren agerraldi masibo bati erantzuteko moduan daudela eta ziurtatu du maskarak, arnasgailuak eta sendagaiak ez direla faltan egongo.
Edonola ere, puntu horretara iristea saihesteko, prebentzio neurriak indartuko dituztela eta sintomarik ez duten herritarrei ere probak egingo dizkietela adierazi du.
Konfinamendua berriro ezartzeko aukeraz galdetuta, Macronek esan du tokian tokiko osasun egoeraren araberako erabakiak hartuko direla, "itxialdiak lokalak izan daitezen".