Itxi

KORONABIRUSA

COVID-19 kasuak nabarmen areagotu dira Gipuzkoan, eta Nafarroan heriotza bat izan da

eitb.eus

Leer en Castellano

EAEn 60 pertsona kutsatu dira, eta horietatik 41 Gipuzkoan izan dira.

Getaria (Gipuzkoa). Argazkia: <a href='https://twitter.com/GetariakoUdala' target='_blank' title='Getariako Udala'>Getariako Udala</a>

60 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan EAEn PCR proben bidez. Kasu berrietatik, 41 Gipuzkoan atzeman dituzte (oso zabalduta daude kasuak), hamar Bizkaian eta zazpi Araban.

Gainera, 39 kasu atzeman dituzte test azkarren bidez (proba horiek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete).

Getarian atzemandako koronabirus agerraldiari dagokionez, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du orain arte 413 detekzio-proba egin dituztela eta oraingoz bost kasu daudela agerraldi horri lotuta.

Ordiziako fokuari buruz ere hitz egin du Murgak. Une honetan "egoera kontrolpean" dagoela esan du, baina azken orduetan Tolosako agerraldiari lotutako kasu bat atzeman dutela adierazi du (guztira 17 kasu).

Osasun sailburuaren hitzetan, "birusa desagertzetik urrun, gure artean jarraitzen du", eta, horregatik, pandemiaren datuak eguneratzeko egin duen agerraldian, arduraz jokatzeko eskatu du: "Ezin dugu birusa zabaltzen utzi".

Ildo horretatik, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da EAEn bihartik aurrera (uztailak 16), "pertsonen arteko segurtasun-distantzia edozein dela ere", Murgak bere agerraldian jakinarazi duenez.

Gainera, koronabirusari aurre egiteko beste neurri batzuk hartu dituzte; besteak beste, taldekako kontsumo kolektiboak debekatuko dira ostalaritzako establezimenduetatik kanpo, eta gehienez hamar pertsona elkartu ahalko dira lokal bateko mahai bakoitzean.

Azken orduetan ez da inor hil COVID-19aren eraginez, eta 1.622 dira jada pandemia hasi zenetik hil direnak.

Guztira, 4.188 proba egin dituzte azken orduetan (3.766 PCR eta 422 test azkar), eta positiboak atzeman dituzte herri hauetan:

Gipuzkoan: Andoain (bat), Beasain (bi), Deba (bat), Donostia (hamar), Eibar (hiru), Eskoriatza (bat), Getaria (hiru), Hondarribia (bat), Ibarra (bi), Legorreta (bat), Lezo (bat), Lizartza (bat), Ormaiztegi (bat), Pasaia (bat), Segura (bat), Tolosa (zortzi), Villabona (bat) eta Zizurkil (bi). 

Bizkaian: Arrigorriaga (bat), Berango (bat), Bermeo (bi), Bilbo (lau), Leioa (bat) eta Trapagaran (bat).

Araban: Arratzua-Ubarrundia (bat), Laudio (bat) eta Gasteiz (bost).

Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak positibo eman dute azken orduetan.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun lau pertsona daude ZIUn ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.

Koronabirusa atzemateko proban aurretik positibo emandako 17 pertsonak negatibo eman zuten atzo, eta bost pertsonak alta jaso zuten ospitalean.

1,48 da gaurko R0 indizea (atzo 1,45 zen).

Gaixotasuna gainditu duten herritarrei dagokienez, aurretik positibo eman duten 14.149 gaixok eman dute negatibo jada, eta 4.390 pertsonak jaso dute ospitaleko alta.

Nafarroan 20 kasu positibo eta beste heriotza bat zenbatu dituzte

Nafarroan azken orduetan 20 kasu positibo eta heriotza berri bat izan dira, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jasotako behin-behineko datuen arabera. Kasu horietako hiru Iruñeko agerraldi berri bati dagozkio, arlo sozialean kutsatzeagatik.

Gainera, goizeko lehen orduan, 91 urteko emakume bat hil da Tuterako Sofia Erregina Ospitalean, iragan asteazkenean, uztailaren 8an, ospitaleratu ostean. Gaixo horren kasuak 529 hildako eragin ditu Nafarroan, azkena ekainaren 11tik.

Bestalde, zenbatutako 12 kasu ez daude inongo agerraldirekin lotuta. Ez da kasu berririk erregistratu Sunbillako agerraldian, 21 kasu pilatu dira, eta azken 15 egunetan ez da positibo berririk eman.

Iruñerriko agerraldiari dagokionez, hiru positibo berri izan ziren atzo, 12 kasu guztira. Uztailaren 6ko bazkariaren agerraldiak kasu berri bat izan zuen, Tuterako ezkontzarena bezala, Nafarroan 24 eta 36 kasu, hurrenez hurren.

Ospitaleko egoerari dagokionez, atzo alta bat izan zen eta ez zen ospitaleratzerik izan COVID-19agatik; beraz, egoerak egonkor jarraitzen du, 10 paziente daude gela arruntetan ospitaleratuta, eta zainketa intentsiboetako unitatean beste pertsona bat dago.

Espainian 390 COVID kasu berri dira azken 24 orduetan

Osasun Ministerioak 390 kasu positibo berri jakinarazi ditu azken 24 orduetan, astearteko 263 kasuen aldean, hau da, 257.494 pertsona kutsatu dira koronabirus berriarekin. 2.727 pertsonak Covid-19 sintomak izan dituzte azken bi asteetan, eta 919k azken zazpi egunetan.

Era berean, Salvador Illak zuzentzen duen Departamentuak 10 hildako zenbatu ditu Covid-19arekin azken zazpi egunetan, asteartean baino bi gehiago, eta pandemia hasi zenetik guztira 28.413 pertsona hil dira.

Bestalde, Osasun Departamentuak argitaratutako txostenaren arabera, 11.723 pertsona sartu dira Zainketa Intentsiboetako Unitate batean, 13 azken 7 egunetan; eta 125.843 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, 176 azken astean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak nahitaezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (8)