Itxi

Hondartzak

Maskara derrigorrezkoa den lehen hondartza asteburua, Bizkaian eta Gipuzkoan

eitb.eus

Leer en Castellano

Ez dago jantzi beharrik eserita zein etzanda egoteko, baina bai itsasertzetik paseatzeko. Joan aurretik hondartzetako okupazioa aplikazioetan begiratzeko eskatu dute foru aldundiek.

Zarauzko hondartza, gaur. Argazkia: Patxi Irigoyen | Euskadi Irratia

Eguraldia lagun, jendez beteko dira Euskal Herriko hondartzak asteburu honetan ere. Berezia izango da asteburu hau, ordea, lehena baita maskara derrigorrezkoa denetik.

Tenperaturek gora egingo dute hurrengo orduetan eta honelako azken asteburuetan gertatu dena ikusita, jendetza espero da. Ikusi egin beharko da betetzen al den Eusko Jaurlaritzaren agindua, eta hala izan dadin, zaintza zerbitzua indartuko da.

Hondartzetan eta igerilekuetan nahitaez erabili beharko da maskara "joan-etorrietan", itsasertzetik paseatzerakoan, adibidez. Aitzitik, etzanda edo leku batean eserita egoteko kendu ahal izango da, ondokoarekiko metro eta erdiko tartea utziz gero edo elkarbizitza unitate bereko pertsonekin egonez gero.

Hain zuzen ere, segurtasun distantziari eutsi beharrak hamaika hondartza ixtera eraman zituen hainbat udal duela bi aste, jendetza zela eta. Bai Gipuzkoan baita Bizkaian ere tarteka ixten eta irekitzen aritu ziren hondartzak, jendea sartu eta irten ahala.

Gogoan izan behar da hainbat hondartza itxi egiten dituztela marea goian denean (itsasbehera 07:41etan izan da eta itsasgora 14:04ean izango da ) eta beste hainbat "dinamikoak" direla. Gauzak horrela, Osasun Sailaren gomendioak aitzat hartu eta jarrera "arduratsua" izateko eskatu dute agintariek:

- Egonaldi laburragoak egitea gomendatzen da, gehienez bi-hiru ordukoak; horrela, jendetzak murriztu ahalko dira, eta lekua partekatzeko aukera izango da.

- Hondartzan edo bainu-gunean, etxe berean bizitzen ez diren pertsonekin, gutxienez metro eta erdiko tarteari eutsi beharko zaio, uretan zein uretatik kanpo.

- Eskuak sarri garbitzea, eta begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzea gomendatzen da. Eztul edo doministiku egiteko, zapi bat edo ukondoaren barnealdea jarriz estaltzea gomendatzen da.

- Toallak ez partekatzea, eta etxera joan bezain pronto garbitzea aholkatzen da, bai eta bainujantziak ere. Halaber, adin txikikoak zaindu behar dira, prebentzio neurriak bete ditzaten.

Bizkaiko hondartzen informazio eguneratuta: Bizkaiup

Gipuzkoako hondartzen informazio eguneratuta: Nik Hondartzak.

Ipar Euskal Herriko hondartzen informazio eguneratuta: Kalilo.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)