Itxi

Koronabirusa

EAEko eguneko zentroak eta udalekuak aldi baterako itxi ditu Jaurlaritzak

eitb.eus

Leer en Castellano

Osasun Sailak eta hiru Foru Aldundiek egoiliarren irteerak murriztu dituzte adinekoen egoitzetan.

Arabako egoitza bat. Irudia: EiTB

Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen egoitzetan irteerak murriztea eta eguneko zentroak eta udalekuak ixtea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek. Koronabirusaren datuen bilakaeraren aurrean, murrizketa horiek beharrezkotzat jo ditu Osasun sailak, "prebentziozko eta behin-behineko neurri gisa".

Egoiliarren irteerak murriztuko dituzte adinekoen egoitzetan, eta bisitak ere mugatuko dizkiete; pertsona bakar batek egitea hobetsiko dute. Era berean, eguneko zentroak guztiz itxiko dituzte, aldi baterako.

Gainera, udalekuak ere ixteko erabakia hartu dute Jaurlaritzak eta Eudelek.

Neurriok hurrengo egunetan berrikusiko dituela esan du Osasun Sailak.

Azken astean 25.000 PCR probatik gora egin ditu Osakidetzak. Azken orduetan 115 positibo atzeman ditu: 9 Araban, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan.

Espainiar Estatuan biztanleko PCR gehien egiten duen erkidegoa EAE dela esan du Osasun Sailak. 139,10 proba egiten ari dira 1.000 biztanleko. Azaldu dutenez, zaintza- eta kontrol-sarea kontaktuen jarraipen zehatza egiten ari delako” handitu da kopurua.

Era berean, Nekane Murga sailburuak musukoaren erabilera derrigorrezkoa dela gogorarazi du, eta informazioa jasotzeko kanal ofizialetara jotzeko deia egin du, "zurrumurruak zabaldu ez daitezen".

Albisteak (5)