Koronabirusa
Nola jokatu behar dugu koronabirusagatik etxean bakartuta gaudenean?
M. D. | eitb.eus
COVID-19 duten pertsonak isolatzea oinarrizkoa da epidemiaren hedakuntza gelditzeko. Horretarako, etxean bakarturik egoteko neurriak jarraitzea berebizikoa da.
Osasun Sailak eta Nekane Murga sailburuak berak egunero gogorarazten dute isolamendu-neurriak behar bezala bete behar direla kasu positiboetan, hori baita kutsatzeak gelditzeko eta pandemiaren hedapena eusteko modu bakarra. Baina, zeintzuk dira jarraitu beharreko neurriak etxean modu egokian bakarturik egoteko?
Pertsona batek sintomak dituenean edo positibo batekin harreman estua izan denean hasten da isolamendua. PCR proba baten zain egon bitartean, harreman estua izan duena etxean geratu behar da. Bakarturik eman beharreko egunen kopurua protokoloarekin batera aldatuz joan da, 10 eta 14 egunen artean. Gaur egun, positiboek 10 egun egon behar dute isolatuta, eta sintomarik gabe 3 igaro behar dituzte berriz kalera irten ahal izateko. Baina edozein kasutan, etxean modu egokian bakartzea da gakoa.
Isolamendua norbanakoarena da. Ahal bada, paziente bakoitza gela batean egon behar da, eta ez da familiarrik bertara sartuko. Bereziki saihestu behar du adineko pertsonekin, gaixotasun kronikoak dituztenekin edo haurdunekin bizitzea.
Jakina ematen duen arren, gogorarazi behar da bakarturik dagoena ezin dela etxetik irten, ezta bisitarik jaso ere.
Gomendagarria da gela aireztatuta izatea, kalera begira dagoen leiho batekin, eta gelako atea itxita mantentzea.
Noski, osasun agintariek isolamendu fisikoa bilatzen dute, ez soziala; beraz, gomendagarria telefonoa piztuta izatea. Izan ere, bakoitzaren osasun zentroak eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak telefonoaren bidez egingo dute gaixoaren bilakaeraren jarraipen epidemiologikoa.
Bakartuta dagoenak, logelarekin bezala, bainugela bat erabiliko du, berarentzat bakarrik, bizilagunekin instalazioak konpartitzea saihesteko.
Gelatik irteten den guztietan, pazienteak musukoa ipini eta beste bizilagunekin segurtasun-tartea gorde beharko du.
Gainazalak garbitzeko, lixiba erabili beharko du: zopa koilarakada bat ur litro bakoitzeko.
Bakartuta dagoenak erabilitako jateko eta edateko tresnak tenperatura altuan garbitu beharko dira, eta ahal bada, ontzi-garbigailuan.
Erabilitako arropa eta maindireei dagokienez, poltsa itxi batean sartu beharko dira, gero garbituak izan daitezen garbigailuraino eramateko.
Zaborra estalki automatikoa duen zabor-ontzi batean sartu beharko du pazienteak, barruko poltsak itxitura hermetikoa duela. Zaborrak ondo botatzea ere garrantzitsua da. Poltsa hori behar bezala itxi behar da, eta gelaren atarian dagoen bigarren poltsa batean sartu. Zaintzaileak erabilitako eskularruak eta musukoa bertara bota behar dira, eta poltsa hori etxeko gainerako errefusa hondakinen poltsan sartu.
Noski, eskuak ondo garbitzea garrantzitsua da: 40 eta 60 segundo artean. Ura eta xaboia erabiltzearekin nahikoa da.
Bizilagunentzako neurriak
Etxeko gainerako pertsonek ere gomendio batzuk jarraitu behar dituzte. Egokiena bakartutako pertsonarekin harremanik ez izatea da. Izan ere, pazientea artatzeaz pertsona bakar bat arduratu behar da.
Isolatuta dagoenarekin edo berak erabilitako gauzekin kontaktua izan ondoren eskuak garbitu beharko ditu, baita kontaktu tokiak sarritan garbitu ere: txorrotak, etengailuak, ateetako eskutokiak…
Gomendagarria da bizilagunek egunean bi aldiz tenperatura neurtzea. Eta noski, haiek ere harreman sozialak murriztuko beharko dituzte, baita lanean euren egoeraren berri eman ere.