Koronabirusa
Euskadin gaueko aisialdia mugatzen duen agindua indarrean dago jada
Agencias | Redacción
Neurri berriak, lokalen edukiera eta irekitze-denborak mugatzen ditu gaitza zabaltzea saihesteko asmoz, azken egunetan atzemandako koronabirus kasuen gorakadaren ondoren.
Euskadin gaueko aisialdia mugatzen duen agindua gaur, asteazkena, sartu da indarrean, koronabirusak eragindako pandemiari aurre egitea helburu duen neurri murriztailea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren. Horren arabera, ostalaritza establezimenduak ezin dira 01:30ak baino beranduago itxi.
Araudi berriak, lokalen edukiera eta irekitze-denborak mugatzen ditu gaitza zabaltzea saihesteko asmoz, azken egunetan EAEn atzemandako koronabirus kasuen gorakadaren ondoren.
Gauzak horrela, tabernak, jatetxeak, txokoak eta diskotekak 01:30ean itxi behar dituzte ateak, beranduenez. Dena dela, ordu erdi izango dute establezimendua husteko (02:00ak arte). Testuinguru horretan, 06:00ak baino lehen ezin dituzte lokalak ireki.
Diskotekei dagokienez, ostalaritza-establezimenduetan gehieneko edukiera % 60koa izango da, baina ez da dantza-pistarik egongo eta mahaiak jarri behar dira hor.
Gainera, 00:00etatik aurrera nahitaezkoa izango da eserita kontsumitzea, eta terraza gisa mugatutako eremuan egitea.
Jantoki handiak dituzten ostalaritza lokaletan (hala nola sagardotegiak, garagardotegiak eta ezkontzak hartzen dituzten jatetxeak), gehieneko edukiera % 80koa izango da, mahai bakoitzean gehienez 10 pertsona egongo dira, eta metro eta erdiko tartea egongo da mahaien artean, hurbilen dauden pertsonetatik neurtuta.
Lokal guztietan barran kontsumitzen jarraitu daiteke, baina gogoan izan behar da maskara erabiltzea beharrezkoa dela, edateko edo jateko unean izan ezik. Nolanahi ere, bi mahai desberdinetatik gertuen dauden bi pertsonen arteko distantziak 1,5 metrokoa izan behar du.
Araudi berriak herri erromeriak eta dantzak ere debekatzen ditu. Horrez gain, 60 pertsona egon daitezke gehienez gaubeiletan zein ehorzketetan, eta edukiera % 60ra mugatu beharko da espazio itxietan.
Lan-eremuan, gogorarazten da ez dela beharrezkoa maskara erabiltzea langilea bere lanpostuan eserita dagoenean (bere lankidearekiko segurtasun-tartea gorde daitekeenean). Alabaina, musukoa jarri behar da lekutik altxatuz gero (pasilloetan, bileretan eta espazio komunetan).
Gurtza-lekuetara ezin da gehieneko edukieraren % 75a bete, eta gaubeiletara, leku itxietan zein aire zabalean, ezin dira 60 pertsona baino gehiago elkartu. Leku itxi batean egiten badira, ezin da % 60ko edukiera gainditu.