Koronabirusa
Esloveniak koarentena ezarriko die EAEik eta Nafarroatik iristen diren turistei
Agentziak | Erredakzioa
Autonomia erkidego horietan kutsatzeko arrisku handia dagoela uste dute Esloveniako agintariek. Neurria gaur bertan sartu da indarrean.
Esloveniako Gobernuak 14 eguneko isolamendua ezarriko die Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) eta Nafarroatik iristen diren bidaiariei, herritartasuna edozein dela ere, koronabirusak eragindako pandemia dela eta.
Valentzian, Katalunian eta Aragoin bizi diren herritarrei ere gaur bertan indarrean sartu den neurri murriztaile hori inposatu diete, autonomia erkidego horietan kutsatzeko arrisku handia dagoela uste baitute Esloveniako agintariek.
Gauzak horrela, Bulgaria, Errumania, Bahamak eta Indiaz gain, bost autonomia erkidego horiek Eslovenian sartzeko 14 eguneko isolamendua igaro beharko duten lurraldeen "zerrenda gorrian" sartu dituzte tokiko agintariek.
Nahitaezko koarentenak eremu edo herrialde horietan bizileku iraunkorra edo aldi baterakoa duten pertsonei eragiten die, bai eta eskualde horietatik Esloveniara iristen direnei ere, salbu eta beren lurraldean geratu behar ez dutenak (alegia, beste herrialde baterako bidean badaude).