Koronabirusa
Sei kasu Bilboko Fever diskotekan, eta bost Erandiogoikoko garagardotegian
Agentziak | Erredakzioa
Bezeroei PCR probak egitea eskatu die Osasun Sailak: diskotekan uztailaren 24tik 26ra arte izan zirenei, eta garagardotegian uztailaren 25etik 30era arte egon zirenei.
Bilboko Telleria kaleko 27an dagoen Fever diskotekan uztailaren 24tik 26ra bitartean izan zirenei PCR probak egingo dizkie Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak; izan ere, COVID-19ko sei kasu positibo atzeman dituzte, dantzaleku horrekin lotuta. Halaber, Osasun Sailak PCR probak egingo dizkie Erandiogoikoko Batzokiko garagardotegian uztailaren 25etik 30era bitartean egon zirenei; orain arte, bost positibo atzeman dituzte, horrekin lotuta.
Zaintza-plana ezarrita, Osasun Sailak herritarren laguntza eskatu du; hala, eskaera da aipatutako diskotekan uztailaren 24tik 26ra artean egon zirenek osasun-zentroari deitzea, proba egiteko hitzordua eskatzea helburu. PCR probak Basurtuko Ospitalean egingo dituzte, karpa batean, astearte honetako 08:30etik aurrera.
Erandiogoikoko Batzokiko garagardotegiari dagokionez, probak Urdulizko Ospitalean egingo dituzte, eta 10:00etan hasiko dira, asteartean. Oraingoz, lau langilek eta bezero batek eman dute positibo.
Osasun Sailak lasaitasun-mezua zabaldu du, eta nabarmendu du prebentziozko neurria dela. Asmoa da balizko kutsadura ahalik eta lasterren atzematea, kasu gehiago saihesteko.