Koronabirusa
Modernak 27 eta 31 euro arteko "pandemia prezioa" jarriko die bere txertoei
Agentziak | Erredakzioa
Prezioa eskatzen den txerto kopuruaren araberakoa izango da, farmazeutikoak zehaztu duenez.
Moderna farmazeutikoak adierazi du COVID-19aren aurkako txertoa, dosiko, 27 eta 31 dolar arteko prezioarekin jarriko duela salgai. "Pandemia prezioa" dela esan dute, eta prezioa eskatzen den txerto kopuruaren araberakoa izango da.
"Mundu osoko Gobernuekin ari gara lanean txertoa unibertsala izan dadin, beraien ordaintzeko gaitasuna edozein dela ere", ziurtatu du Stephane Bancelek, Modernako kontseilari delegatuak.
Salneurria baxuagoa izango da kantitate handiak erosten dituzten herrialdeentzat, konpainiaren hitzetan. Zenbait milioitako eskari bat, aldiz, eskari txikitzat hartuko lukete, eta asteazkenean iragarritako prezioak izango lituzke.
Pfizer ere ari da garatzen txerto bat, BioNTech alemaniarrarekin batera, eta 19,50 dolarreko (16,4 euro) prezioa iragarri zuen. Pfizerren txertoa ere, Modernokoa bezala, 3 faseko hasieran dago, hau da, fidagarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko proba kliniketako azken fasean.
Uztailaren amaieran, Modernak, gordailuetan, 400 milioi dolar (336 milioi euro) zituen jasoak, mRNA-1273 txertoaz hornitzeko. Interesa agertu duten zenbait herrialderekin negoziatzen ari da.
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak, apirilean, 483 milioi dolar (406 milioi euro) ordaindu zituen, eta, gerora, beste 472 milioi (397 milioi euro), txertoa garatzeko.
Moderna Osasun Institutu Nazionalekin ari da elkarlanean, mRNA-1273 txertoaren garapenean eta proba klinikoetan. Txertoak RNA mezulariko teknologia erabiltzen du, eta, gizakiekin egindako lehen probetan, emaitza itxaropentsuak eman ditu.