Koronabirusa
Suitzara joan nahi duten Hegoaldeko herritarrek 10 eguneko koarentena bete behar dute
Agentziak | Erredakzioa
Azken 14 egunetan "arrisku handiko" herrialde batean egon ostean Suitzara joan nahi duten pertsona guztiek 10 eguneko koarentena bete beharko dute.
Suitzara joan nahi duten Hego Euskal Herriko herritarrek 10 eguneko koarentena bete beharko dute lurralde horretan sartzeko baimena eskuratzeko. Hain zuzen ere, ateazken honetan iragarritako neurriak Espainiako autonomia erkidego guztiei eragingo die, Kanariar Uharteetatik eta Balearretatik bidaiatzen duten herritarrei izan ezik.
Suitzako Osasun Publikoko Bulego Federalak jakitera eman duenez, azken 14 egunetan koronabirusa zabaltzeko "arrisku handiko" herrialde batean egon ondoren Suitzara sartu nahi duten herritar guztiek, adin txikikoak barne, 10 eguneko koarentena bete beharko dute, nahiz eta gaitza atzemateko PCR proban emaitza negatiboa izan.
Ildo horretatik, Suitzako agintariek Errumania, Singapur, Bahamak, Ekuatore Ginea, San Marino eta Santo Tome eta Principe ere sartu dituzte "zerrenda beltz" horretan. Guztira 46 lurralde agertzen dira zerrenda horretan, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta Brasil barne, besteak beste. Suitzako Osasun Publikoko Bulego Federalak adierazi duenez, hurrengo eguneraketa abuztuaren 8an egingo dute.
Hala, Suitzak bat egin du lurraldera iristen diren bidaiariei koarentena ezarri duten beste herrialde batzuekin, hala nola Erresuma Batuarekin, Alemaniarekin eta Frantziarekin, eta Espainiara ez bidaiatzea gomendatu dute, edo, zuzenean, koarentena ezarri diete Estatutik joaten diren bidaiariei, COVID-19arekin lotutako agerraldi berriak direla eta.