Koronabirusa
Berriz eskatu diete Arabako hiru lokaletan egondakoei PCR bat egin dezaten
Agentziak | Erredakzioa
Hitzordua eskatzeko telefono bidezko zerbitzuak huts egin du hasieran, eta Osasun sailak bideak zabaldu ditu Gasteizko bi establezimendutan eta Aguraingo beste batean egon diren pertsonentzat.
Osasun sailak berriz egin du Arabako hiru lokaletan egin diren pertsonei zuzendutako deia, PCR proba bat egiteko hitzordua eskatu dezaten. Gasteizko Kilimanjaro diskoteka eta Xixilu jatetxea eta Aguraingo Kokolo taberna dira establezimenduak.
Osasun sailak utzitako telefono lineak huts egin du hasieran, eta orain beste bide batzuk jari ditu.
Komunikatu batean gogorarazi duenez, uztailaren 17tik abuztuaren 6ra bitartean Gasteizko Kilimanjaro dantzalekuan egon diren herritarrek PCR proba bat egin behar dute, baita uztailaren 29an eta abuztuaren 2an Aguraingo Kokolo tabernan egondakoek eta uztailaren 31tik abuztuaren 5era Arabako hiriburuko Xixilu jatetxean egon direnek ere.
Aurretiko hitzordua osasun zentroan eskatu dezakete astelehenetik ostiralera, etengabeko arretako gunean (EAG) asteburuetan eta jaiegunetan —945007900 telefonoan— eta Osakidetzaren Osasun Aholkuan (900203050).
Gainera, herritarrei gogorarazi die ezagunak diren neurri prebentiboak, eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak badituzte etxean isolatzeko eta osasun zentrora deitzeko eskatu die.
Era berean, lasaitasun mezu bat helarazi du, eta mota honetako neurriak "prebentiboak" baino ez direla eta transmisioa antzemateko eta kutsatze berriak ekiditeko helburua dutela esan du.