Itxi

EUSKADI IRRATIA

Zubia: "Pertsonen arteko harremanak ahalik eta gehien murriztu behar ditugu"

EITB.EUS

Leer en Castellano

Positibo kasuen goranzko joeraren aurrean, oso kezkatuta agertu da Donostia Ospitaleko Zainketa Berezien Unitateko medikua. Horren hitzetan, "neurri gogorragoak behar ditugu maila guztietan".

Herritarrak kalean, maskara jantzita. Argazkia: EFE.

Covid-19ari aurre egiteko, ez zaio behar beste garrantzia eman kontaktuak murrizteari, eta eskuak garbitzeak, musukoa janzteak eta distantzia soziala mantentzeak bezainbeste balio du. Hala esan du, Euskadi Irratiko 'Osasun Etxea' saioan, Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Berezien Unitateko medikuak, eta berandu baino lehen, norberak bere harreman sarea murriztu behar duela nabarmendu du. Herritarrei helarazi zaien mezua ez dela "guztiz zuzena"  izan uste du.

Positiboen goranzko joerak jarraituz gero, "laister egoera lehertuko da eta neurri zorrotzagoak beharko dira, bai ala bai", esan du Zubiak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Espazio itxietan eta jende asko pilatzen den lekuetan arreta jarri behar dugu gaitza horrelako egoeretan zabaltzen delako, Zubiaren hitzetan. 

Beste konfinamendu bat gertu ikusten duen galdetuta, erantzuna argia izan da: "Osasun sistemak gainezka egiten badu, ez dago beste biderik. Aurrekoan ere horregatik erabaki zen konfinatzea, eta oraingo datuak ez dira onak. Gora goaz modu esponentzialean, denbora gutxian bikoiztu egin du kutsatuen kopurua. Bigarren olatua edo nahi duzun izena jarri, baina egoera larria da eta neurriak zorroztu egin beharko dira".

Neurriak hartzen "norberarengandik" hasi behar dugula esan du, "beti pentsatzen baitugu gaizki ari dena bestea dela". " Fokua denon jokabide orokorrean jarri behar dugu", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Audioak (1)