Itxi

COVID-19

Deustuko San Felicisimo parrokia aldi baterako itxi dute koronabirusagatik

Agentzia | Erredakzioa

Leer en Castellano

Aita pasiotarren erizaintza arloko 90 urteko erlijioso bat Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten iragan ostiralean. Gainerako erlijiosoak bakarturik daude.

Deustuko San Felicisimo parrokia, Bilbon. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Deustuko (Bilbo) San Felicisimo parrokia aldi baterako itxi dute, erlijioso batek PCR proban positibo eman ondoren, elizako webguneak eta Bilboko Apezpikutzak jakitera eman dutenez.

Aita pasiotarren erizaintza arloko 90 urteko kide bat Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten iragan ostiralean, 19:00ak aldera. Arratsaldeko lehen ordutik sukarra eta oxigeno asetasun-indize txikia zuen erlijiosoak.

Koronabirusa antzemateko proban positibo eman ondoren, erizaintza arloko eta aita pasiotarren kide guztiak bakartu zituzten.

Apezpikutzaren arabera, erlijioso eta langile guztiei PCR probak egingo dizkiete goizean, guztira 40 bat pertsonari, eta Osakidetzaren gomendioei jarraituz, San Felicismo parrokia eta fraide-etxea itxi dituzte.

Parrokiaren hitzetan, “etxeko erlijiosoak zein gure parrokiara hurbiltzen diren pertsona guztiak zaintzeko” neurria da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Albisteak (3)