KORONABIRUSA
Lanbidek Zaramagako eta Laudioko bulegoak itxi ditu, langileen positiboengatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Itxieraren eraginpeko erabiltzaileek webgunearen bidez kudeaketak egiten jarraitu ahal izango dute.
Euskal Enplegu Zerbitzuak (Lanbide) Zaramaga auzoko (Gasteiz) eta Laudioko (Araba) bulegoak itxi ditu astelehen honetan, bi langileren positiboagatik.
Zaramagako bulegoaren kasuan, positiboa ostiral eguerdian eman zuten, eta Laudion, berriz, asteburuan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailak jakitera eman duenez.
Egoera horren aurrean, Lanbidek kasu horietarako ezarritako protokoloari jarraitu dio, eta Zaramaga auzoko bulegoko pertsona bere etxera bidali zuten ostiralean bertan. Bera eta Laudiokoa etxean egon ziren PCR proba bat egiteko zain, eta azkenean positibo eman dute.
Gainera, bi instalazioak zorrotz garbitu dituzte, eta bi bulegoetako gainerako langileak etxera bidali dituzte, dagokien berrogeialdia pasatzeko.
Lanbideren Zuzendaritzak bi bulego horien zerbitzuen antolaketari buruzko erabaki bat hartu bitartean, itxieraren eraginpeko erabiltzaileek webgunearen bidez kudeaketak egiten jarraitu ahal izango dute.