NAFARROA
Taxi gidari bati eta autobus bati Barañainen egindako erasoa salatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erdialdeko etorbidean gertatu zen ezbeharra, 22:28an, L4 lineako gidariak hiru gazteri deitu zienean errepide erditik aldentzeko.
Iruñerriko Mankomunitateak taxi gidari batek bart jasandako erasoa eta hiri barruko garraioa egiten duen "villavesa" baten kontrakoa gaitzetsi ditu. EiTBk jakin ahal izan duenez, hiru erasotzaileetako bi identifikatu dituzte dagoeneko.
Mankomunitateak ohar baten bidez adierazi duenez, Erdialdeko etorbidean gertatu zen ezbeharra, 22:28an, L4 lineako gidariak hiru gazteri errepidetik kentzeko eskatu ostean Barañaindik (Nafarroa) azken bidaia hastear zegoela.
Orduan, haietako batek buelta eman zuen eta ostikadak, ukabilkadak eta burukadak eman zizkion autobusari, eta aurreko beira eta gidariaren albokoa hautsi zituen.
Bi gaztek gertakaria ikusi zuen taxilari bati eraso zioten ondoren, eta kalteak egin zituzten haren ibilgailuaren karrozerian.
Mankomunitateak "animo mezua" bidali die Teletaxi Sanfermin elkarteko taxilariari eta Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako autobus gidariari.
Era berean, "hiri garraioko eta taxi zerbitzuko langileen lana aitortu" du erakundeak, eta "Iruñerrian mugikortasun iraunkorra bermatzeko ezinbestekoa" dela nabarmendu du.