Itxi

Koronabirusa

Alemaniak koronabirusa kutsatzeko arriskua duten eskualdeen zerrendan sartu du EAE

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Joan den larunbatetik, arrisku handiko eremuetatik herrialdera iristen diren bidaiari guztiek derrigorrez egin behar dute gaitza atzemateko proba.

Alemaniako aireportuan PCR proba egiteko aukera dago. Argazkia: EFE

Alemaniak koronabirusa kutsatzeko arrisku handia duten eskualdeen zerrendan sartu du Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), eta funtsezkoak ez diren bidaiak ez egiteko gomendatu die bertako herritarrei, gaitza zabal ez dadin.

Datuak eguneratu ostean, Madril ere gorriz azpimarratutako eskualdeen zerrenda horretan sartu du Merkelen gobernuak. Nafarroa, Katalunia eta Aragoi zerrenda horretan zeuden aurretik, COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaeraren ondorioz.

Azken egunetan atzemandako kasu berrien gorakadak eta tokiko joan-etorrietarako ezarritako murrizketek justifikatzen dituzte neurri horiek, Alemaniako Kanpo Ministerioaren arabera.

Horrela, Euskadi eta Madril koronabirusa kutsatzeko arrisku handia duten eskualdeen zerrendan sartu ditu Robert Koch Institutuak (RKI), koronabirusaren bilakaera aztertu eta Alemanian beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko ardura duen agentziak.

Nazioarteko 130 eskualde inguru biltzen dituen zerrenda horretan, Nafarroa, Katalunia eta Aragoi ere baziren uztailaren amaieratik, eta azken asteetan Belgikako Anberes, Hungariako zati bat eta Errumania Luxenburgorekin batera sartu dituzte bertan, EBko lurraldeei dagokienez. Beste herrialde batzuk ere ageri dira zerrenda gorrian, Turkia, Balkanak, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB), esaterako, Afrika eta Asiako eremu zabalez gain.

Joan den larunbatetik, arrisku handiko eremuetatik Alemaniara iristen diren bidaiari guztiek derrigorrez egin behar dute gaitza atzemateko proba.

PCR proba Alemaniara joan aurretik egin daiteke (gehienez ere, hara iritsi baino 48 ordu lehenago) edo herrialdean bertan (aireportuetan, tren eta autobus geltokietan, osasun zentroetan...), betiere bertara iritsi eta 72 orduko epean.

Emaitzak izan arte, bidaiariak berrogeialdian izan beharko dira, etxean. Testa egiteari uko egiten dioten pertsonei 25.000 eurorainoko isuna jar diezaiekete.

Alemanian azken asteotan kutsatze berrien kopuruak izandako gorakada nabarmenaren ondorioz hartu dituzte neurri horiek; izan ere, bertan kutsatu diren kasu ugari baieztatu dituzte azken egunetan, baina beste herrialde batzuetan oporrak igaro dituzten herritarrak Alemaniara itzultzean "inportatutako" kasuak ere asko izan dira.

Pandemia betean Alemaniak ez zuen konfinamendua ezarri, baina koronabirusak eragina izan zuen herrialde horren jarduera ekonomikoan eta eguneroko bizitzan. Orain, orduan hartutako neurri murriztaileak altxatzen hasi dira, pixkanaka bada ere.

Ildo horretatik, eskolarako itzulera joan den astean hasi zen, higiene neurri bereziekin, gune komunetan eta patioetan maskara erabiltzea barne.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Albisteak (4)