Koronabirusa
Dozena bat positibotik gora atzeman dituzte Zamudioko egoitza batean
eitb.eus
Truiuondo egoitzan izan da, eta gutxienez 10 egoiliarrek eta 3 langilek eman dute positibo.
Zamudioko Truiuondo adinekoen egoitzan COVID-19aren dozena bat kasutik gora atzeman dituzte, EiTBk jakin duenez. Gutxienez 10 egoiliarrek eta 3 langilek eman dute positibo, eta koarentenan jarri dituzte guztiak, zentroan bertan.
Gaur, langile eta egoiliarrei PCR probak egiten jarraituko dute, "baheketa orokorra" bukatzeko, langile batek positibo eman ostean, eta emaitzak bihar jakinaraziko dituzte, Bizkaiko egoitza guztietan erregistratutako datuekin batera, Aldundiak iragarritakoaren arabera.
Bilboko Miserikordia
Bestalde, Bilboko Miserikordia adinekoen zentroan bizi den pertsona batek positibo eman du koronabirusean, eta sintomarik gabe dago, ostiralean langileetako batek positibo eman zuela jakin eta gero probak egin ondoren, kasuaren berri izan duten iturriek zabaldu dutenez.
Langile horren positiboa detektatu ondoren, dagokion protokoloa aktibatu zuten, eta PCR proba egin zieten kutsatutako pertsona horrekin harreman estua izan zuten langileei eta egoiliarrei (24, guztira).
Azkenik, sintomarik ez duen egoiliar batek ere positibo eman du, eta Birjinetxe zentrora eraman dute. Bizkaiko Foru Aldundiak bertara lekualdatzen ditu koronabirusa atzemateko proban positibo eman duten pertsonak, isolatzeko. Egoitza horretan, "zentzuzko normaltasuna" da nagusi, iturri berberen arabera.
Bigarren positiboa Gipuzkoan
Bestalde, beste egoiliar batek eman du positibo Gipuzkoako egoitzetan COVID-19a gaitza atzemateko egin dituzten probetan; uztailaren 3an zentro horiek koronabirus horretatik libre geratu zirenetik bigarrena bi egunetan.
Positibo eman duen adinekoa Donostiako San Inazio zentroan dago, Hermano Garateren egoitzan, atzo positibo eman zuen 92 urteko emakume asintomatikoa zegoen egoitza berean. Atzo eman zuen positibo, eta Eibarko Ospitalera eraman zuten. Izan ere, bertako hirugarren solairuan, Aldundiak zerbitzu espezializatua du adinekoen zentroetatik eratorritako kasuak artatzeko.
COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak zituela ikusita gaitza duela baieztatu ondoren, oraingoz isolatu egin dute San Inazion. Aurretik egin zioten beste proba batean negatibo eman zuen prebentziozko baheketa batean.
Sintomak ondoren atzeman zizkiotenez, PCR proba egin diete berriro egoiliar eta langile guztiei, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez.