Itxi

koronabirusa

Osasun Ministerioak kalean erretzea debekatu eta diskoteken itxiera ezarri du

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Osasun Ministerioak autonomia erkidegoekin adostu ditu neurriok. Diskoteka eta tabernek 01:00ean itxi beharko dute. Nagusien egoitzetarako ere arauak zehaztu ditu.

Pertsona bat erretzen, taberna bateko terrazan. Argazkia: EFE

Osasun Ministerioak eta erkidegoek "aho batez" onartu dute gaur, ostirala, kalean edo aire zabalean erretzea debekatzea (zigarro zein erretzeko gailuak erabilita), bi metroko segurtasun tartea mantendu ezean. Galizia eta Kanarietan jada hartutako neurria estatu osora zabalduko da, COVID-19ari aurre egiteko. Era berean, diskoteka, dantzaleku eta gaueko tabernetako itxiera ordua ere ezarri dute.

Erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) hartutako ebazpenaren ostean ezagutu da. EAEANk Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek aurkeztutako helegitea partzialki onartu du, eta, hori dela eta, tabernek ez dute 01:30ean itxi beharko. Alabaina, ezingo dira dantzalekuak erabili, ostalariek eskatu bezala.

Hala, Euskadiko tabernak 03:00ak arte eta diskotekak 05:00ak arte egon ahal izango dira zabalik, gaurkoan Osasun ministroak hartutako erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Hasieran aipatutako neurriak Salvador Illa Osasun ministroak eman ditu ezagutzera, autonomia erkidegoekin izandako ezohiko bilera izan ondoren emandako prentsaurreko batean.

Ostalaritzari dagokionean, jatetxe, terraza, taberna eta jatetxeetan (hondartzetan daudenetan ere) metro eta erdiko distantzia egon beharko da mahaien artean, eta 10 laguneko taldeak elkartu ahal izango dira gehienez. Aipatutako distantzia tabernetako barretan ere mantentzea derrigorrezkoa izango da.

Establezimendu horiek 01:00ak arte egon ahal izango dira irekita, baina gauerditik aurrera ezingo da bezero berririk sartu. Neurri horiekin batera, modu osagarrian, kontrolak areagotzea ere adostu dute, kalean alkohola kontsumitzea saihesteko, kontuan hartuta erkidegoak eta udalak izango direla zigorrak ezarriko dituztenak.

Nagusien egoitzak

Pertsona nagusien egoitzek bisitak modu txandakatuan egiten direla bermatu beharko dute, bisitariek ordu berean bat egin ez dezaten. Gizarte eta osasun zentroetan, era berean, mugatu egingo dira egoiliarren irteerak.

Ekitaldiak

Ekitaldi jendetsuei dagokienez, Osasun Ministerioak ebatzi du autonomia erkidegoek aztertu beharko dutela arriskua, lurralde arteko kontseiluak adostutakoa kontuan hartuta. Hala, eta aipatutako azterketa aintzat hartuta, ekitaldi guztiek erkidegoaren oniritzia izan beharko dute nahitaez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Albisteak (5)