Itxi

BILBO

Munduko Medikuak elkarteak doako PCRak egingo dizkie osasun txartelik ez dutenei

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Elkarteak jakinarazi du ez dela beharrezkoa proba egiteko hitzordua eskatzea, eta PCRak astelehen, asteazken eta ostiralean egingo direla jakinarazi du, goizeko 10:00etatik 13:00ra.

Osasun langile bat. Argazkia: EFE.

Munduko Medikuak erakundeak doako PCR probak egingo dizkie osasun txartelik ez duten edo “Osakidetzara heltzeko zailtasunak” dituzten pertsonei.

Boluntarioz osatutako elkarte horrek, gainera, dei egin die eztula, sukarra, arnasteko zailtasunak, usaimen galera, eztarriko mina edo beherakoa gisako sintomak dituzten pertsonei, edota sintomarik izan gabe kutsatuta dagoen pertsona batekin egon direnei. COVID-19aren PCR probak erakundeak Bailen kaleko 1 zenbakian duen egoitzan egingo dira.

Elkarteak azaldu duenez, ez da beharrezkoa proba egiteko hitzordua eskatzea, eta gogorarazi dute astelehen, asteazken eta ostiraletan arituko direla, 10:00etatik 13:00ra. “Ez izan beldurrik, etor zaitez proba egitera. Ez dizugu paperik eskatuko”, gaineratu dute erakundetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Albisteak (7)