Itxi

Migrazioa

Hildako sasoikako langilearentzat "justizia" aldarrikatu dute Iruñean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Eleazar Blandon sasoikako langile nikaraguarra joan den abuztuaren 1ean hil zen, bero-kolpe batek jota eta Murtziako osasun-zentro batean abandonatuta.

Iruñean izandako elkarretaratzearen irudietako bat. Argazkia: EiTB

Joan den abuztuaren 1ean, bero-kolpe batek jota hildako Eleazar Blandon sasoikako langilearentzat "justizia" aldarrikatzeko elkarretaratzea egin du igande eguerdi honetan Iruñeko komunitate nikaraguarrak. Blandon nikaraguarra zen, baina Murtzian ziharduen lanean, sasoikako langile gisa. Lanean ari zela, bero-kolpe bat sufritu zuen, eta Lorcako osasun-zentro batean abandonatu zuten. Azkenean, hil egin zen.

Hamar pertsona inguru bildu dira Iruñeko udaletxe plazan, Nikaraguako banderarekin eta Eleazar Blandonen irudia zuen kartel batekin, "Ez da lana, esklabutza baizik" lelopean. Gainera, sandiak eta letxugak jarri dituzte lurrean, "Nafarroan ere gertatzen da" mezuarekin. "Eleazarrentzat justizia", "Atzerritarren Legeak egunero hiltzen du" eta "Pertsona bakar bat ere ez da ilegala" oihuak bota dituzte.

Ordezkarietako bik oharra irakurri dute, gaztelaniaz eta euskaraz, eta azaldu dutenez, "erroldatu gabeko migratzaile heldu berria zen Blandon. Asilo-eskatzailea ere bazen, 2018an Daniel Ortegaren Gobernuaren aurkako altxamenduan parte hartu izanagatik errepresalien beldur baitzen".

Hil baino egun batzuk lehenago familiari kontatu zion Blandonek "lan-esplotazioa" jasaten ari zela Lorkako soro batean, nagusiak "balorerik gabeko astoak" deitzen ziela, txisa egiteko edo itzalpean atsedena hartzeko baimenik ematen ez ziela eta ez ziela hitzartutakoa ordaintzen".

Zentzu horretan, Iruñeko komunitate nikaraguarrak adierazi du "Espainian Eleazar anitz" daudela. "Ezikusiarena egiten da sasoikako langileekin. Irregulartasun egoeran daudenez, edozein lan-eskaintza onartzen dute, eta gero tratu txarrak, umiliazioak eta iruzurrak pairatzen dituzte". "Supermerkatuan sandiak eta letxugak erosten ditugun bitartean, zenbat Eleazar gehiago beharko ditugu paperik gabeko migranteak Espainian aintzat hartzeko?", galdetu dute. "Migratzaileok ere eskubideak ditugu, eta lan-baldintza duinak nahi ditugu", ondorioztatu dute.