Itxi

Astelehen honetan

EAE osasun larrialdira itzuliko da gaur, birusaren hedapena gelditzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Edukieretan, pertsonen bileretan eta ostalaritzan neurri murriztaileak onartuko ditu LABI Batzordeak. Bestalde, Espainiako Gobernuarekin adostutako murrizketak asteazkenean onartuko ditu Nafarroak.

Herritarrak maskarillekin, paseatzen. Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) osasun larrialdi egoerara itzuliko da gaur, astelehena, koronabirus kasu kopuruaren gorakadaren ondorioz. Zentzu horretan, tabernen edukierarekin, pertsonen bilerarekin eta ostalaritzarekin lotutako neurri murriztaileak onartuko ditu Eusko Jaurlaritzak datorren asteartean birusaren hedapena geldiarazteko asmoz.

Eusko Jaurlaritzak berak azaldu duenez, "osasun arrazoiak" direla medio ezarriko du osasun larrialdia, eta horrek baimenduko du une bakoitzari egokitutako neurri zehatzak ezarri ahal izatea.

Koronabirus kutsatze kopuruaren gorakada izaten ari da Euskadin. Izan ere, igande honetan COVID-19agatik kutsatutako 610 pertsona gehiago daude, aurreko egunean baino % 35 gehiago. Ospitaleratzeak ere igo dira: COVID-19a duten 163 herritar daude egun erietxetan, eta 14 ZIUn.

Pandemiari aurre egiteko tresna juridiko hori erabili zuen Gasteizko Exekutiboak martxoaren lehenengo asteetan. Martxoaren 13an agerraldi publikoa egin zuen lehendakariak, osasun larrialdia ezarriko zutela iragartzera.

Horren harira, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak larunbat honetan esan du normaltasun berrian "atzerapausoa egiteko beharra dugula" eta neurri murriztaile berriak hartu behar direla, egoera "larriagotzen" ari delako.

Murrizketa berrien helburuak hiru dira: osasun-sistema ez tenkatzea, bigarren konfinamendu bat saihestea, eta birusarekin bizitzen ikastea, tratamendurik edo txertorik ez dagoen bitartean.

Neurriak

Behin osasun larrialdia ezarrita, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak LABI-Euskadiko Babes Zibilerako Plana aktibatuko du, eta lehendakariak berak zuzendu eta koordinatuko du batzorde hori. Lehenengo bilera asteartean izango da, lehendakaria buru eta erakunde anitzeko ordezkariekin.

Koronabirusaren hedapena gelditzeko ezarriko dituzten neurri berriak astearte horretan bertan adostuko dituzte, LABI Batzordean, alegia. Neurri horiek, besteak beste, tabernetako edukierak, ordutegiak, pertsonen bilerak eta garraio publikoen gaueko ordutegiak murriztuko dituzte.

Gainera, Espainiako Osasun Ministerioak erkidegoekin adostutako neurriak ere onartuko dira, besteak beste, kalean edo aire librean erretzeko debekua baldin eta bi metroko distantzia tartea gorde ezin bada.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) hartutako ebazpenaren egun berean, diskoteka, dantzaleku eta gaueko tabernak ixtea adostu zen. EAEANk Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek aurkeztutako helegitea partzialki onartu zuen, eta, hori dela eta, Euskadiko tabernak 03:00ak arte eta diskotekak 05:00ak arte egon ahal izango dira zabalik, Osasun ministroak hartutako erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Nafarroa: neurriak asteazkenean onartuko dira

Bestalde, Nafarroak Gobernu-bilkura egingo du asteazken honetan, eta Espainiako Osasun Ministerioarekin adostutako 11 neurriak onartuko ditu. Behin Nafarroako Araudira egokituta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta orduan indarrean sartu.

Neurri murriztaileak zazpi alorretan ezarriko dira, hala nola, gaueko aisialdian, ostalaritzan, osasun zentroetan, ikuskizun jendetsuetan, behaketa zehatzetan eta alkohola eta tabako kontsumoan. Indarrean sartzeko ofizialki onartu eta argitaratu behar ditu erkidego bakoitzak.

Errioxan eta Murtzian dagoeneko ezarri dituzte neurri horiek, eta astelehen honetan indarrean sartuko dira Galizian, Gaztela Leonen eta Kantabrian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Albisteak (5)