Mendi-istripua
Hildako mendizaleen familiei babesa erakusteko elkarretaratzea egin dute Gueñesen
EITB.EUS
Suitzako Alpeetan hildako mendizaleetako bat Gueñeseko bizilaguna zen. Laugarren mendizale nafar bat zihoan haiekin, baina haren hilotzaren bila dabiltza oraindik.
Joan den asteazkenean Suitzako Alpeetan hildako euskal mendizaleen familiei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute igande arratsalde honetan Gueñesen (Bizkaia). Hamarka lagun bildu dira ekitaldi hunkigarri batean hildakoen senideei babesa erakusteko. Datorren asteko asteazken aldera gorpuak aberriratzea espero dute senideek.
Bestalde, haiekin zihoan laugarren mendizale baten hilotzaren bila dabiltza oraindik Suitzan. Igande honetan berrekin diote bilaketa-lanari, baina momentuz ez dute haren berri.
Alloko, Uharte-Arakilgo eta Güeñeseko mendizaleak ezustean harrapatu zituen ekaitz gogor batek joan den asteazkenean Parlitobeleko arroilan, St. Gallen kantoian (Suitza), Polizia kantonalak jakitera eman zuenez. Ostegunean hiru gorpu berreskuratu zituzten.
Egun hartako 16:00ak aldera, mendizaleekin zihoazen bi emakumeak gizonezkoengandik banatu ziren, eta haiekin geratu ziren arroilaren atzealdeko leku zehatz batean.
18:30ak aldera, ekaitz handi bat izan zen inguruan: metro koadroko 25 eta 30 litro arteko prezipitazioak izan ziren eta hiruko eskalan biko arriskua ezarri zen. Emakumeek, lau gizonak adostutako lekuan agertzen ez zirela ikusita, Poliziari deitu zioten ordu erdi inguru geroago.