Itxi

ZALDIBAR

Hainbat egun beharko dira hezurra langileetako batena den zehazteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Aurkitutako hezurra bere garaian baskula zenaren perpendikularrean zegoen, eta, hura aurkitzeko, 23 metro zulatu behar izan dituzte, zortzi solairuko eraikin baten parekoa.

Zaldibarko zabortegia. Irudia: EFE

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak iragarri duenez, igande honetan Zaldibarko zabortegian aurkitutako hezurra "pertsona batena da", eta auzitegiko medikuek DNA laginak hartuko dituztela adierazi du.

Halaber, lurperatutako bi langileen (Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran) senideei "pazientzia" eskatu die sailburuordeak.

Datu horien berri eman dute Zubiagak eta Aitor Zulueta Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak, oihal batean bildutako hezur luze bat aurkitu ostean.

Zubietak hondar bat aurkitu dutela azaldu du, eta, egiten ari diren analisietan, bai polizia zientifikoak, bai auzitegiko medikuak, "pertsona baten hezur-hondarra" dela zehazten dela.

Horrek eman zen lan hipotesietako bat "ona" zela esan nahi duela adierazi du, eta sei hilabete behar izan direla hara iristeko, "etxeak behetik hasten direlako, zimenduak jarri behar dira, segurtasuna bermatu behar da".

Goizeko zortziak jota zirenean ekin diete berriro bilatzeko lanei zabortegian.

23 metro zulatzea

Zubiagaren hitzetan, aurkitutako hezurra bere garaian baskula zenaren perpendikularrean zegoen, eta hura aurkitzeko 23 metro zulatu behar izan dituzte, zortzi solairuko eraikin baten parekoa.

Zehaztu duenez, hemendik aurrera, eremu hori "hondakin gehiago aurkitzeko aukera gehien dituen gunea" izango da, eta "modu kirurgikoagoan, kontu handiagoz" lan egingo da, "ez obrako indusketa bat, orain arte egin den bezala". Bestalde, aurkitutako hezurraren azterketa zientifikoa egingo da.

Gainera, Zubiagak "pazientzia pixka bat" eskatu die familiei, eta sei hilabete baino gehiagoko lanak "bere emaitza ematen ari dira", erantsi du.

Kazetarien galderei erantzunez esan duenez, auzitegiko medikuek dagozkien DNA laginak hartuko dituzte haiek identifikatzeko.

"Jatorriz DNA dago familiekin erkatzeko, baina aurkitutako hezurretik lagin nahikoak nola lor daitezkeen ikusi behar da", adierazi du, eta identifikazio prozesua "ez da azkarra izaten eta hainbat egun behar izaten dira", gaineratu du.

Ehun-hondakinei dagokienez, "erabat ezagutezinak" direla ohartarazi du, hondakin artean lurperatuta eta 70 graduko tenperatura duen gune batean sei hilabete eman ondoren.

Bilaketa lanak

Orain arte gorpuzkiak aurkitu direnean, nahiz eta gizakienak ez izan, horiek aurkitutako zonaldean lanak gelditu, mugatu eta analisiak egin dituztela nabarmendu du.

"Oraingoan giza hondarra denez, hondakinak zaindu egin behar ditugu, eta ezin da eremu horretan sartu orain arte erabili den tamainako makinekin. Arkeologia lan bat da", gaineratu du.

Bestalde, Aitor Zuluetaren esanetan, aurkikuntza otsailean zabortegian lanak hasi zituztenean egin zuten plangintzaren emaitza da.

Albisteak (4)