Itxi

Koronabirusa

Osasun larrialdia ezarri dute Euskadin, koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak astearte honetan iragarriko ditu pandemiaren kontrako neurri berriak. Horietako askok ostalaritzan eta garraio publikoan izango dute eragina.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarri du astelehen honetan, koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko asmoz. Horrela, osasun krisiaren "aginte bakarra" bere gain hartu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta, beraz, ostiralean Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek adostutako neurriez gain, beste batzuk hartzeko aukera izango du aurrerantzean.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) astelehen honetan argitaratu du Euskadin osasun larrialdiko egoera ezartzen duen araudia, baina hartuko diren neurri zehatzak bihar, asteartea, erabaki eta iragarriko dituzte, bilera egin ostean.

Araudiak hiru zati ditu. Lehenengoan, Osasun sailburuak Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) aktibatzeko eskatzen dio Segurtasun sailburuari; bigarrenean, Segurtasun sailburuak formalki aktibatzen du, eta hirugarrenean, berriz, jarduneko lehendakariak planaren zuzendaritza bereganatzen duela jasotzen da. Horrela, lehendakariak neurri osagarriak hartu ahalko ditu.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Zer da osasun larrialdi egoera

Osasun larrialdiko egoera deklaratzean, lehendakariak eremu jakin batzuetarako sarbidea mugatu dezake (oraingoz, konfinamendu orokorra baztertzen da), eta zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa mugatu edo baldintzatu, Larrialdiak Kudeatzeko Euskal Legearen arabera.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, "osasun arrazoiak" direla medio ezarri du osasun larrialdia, eta horrek baimenduko du une bakoitzari egokitutako neurri zehatzak ezarri ahal izatea.

Koronabirusak kutsatutakoen kopurua gora egiten ari da Euskadin. Izan ere, igande honetan SARS-CoV-2 birusa duten 610 pertsona gehiago atzeman dituzte, aurreko egunean baino % 35 gehiago. Ospitaleratzeen kopuruak ere gora egin du: COVID-19a duten 163 herritar daude egun erietxetan; Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daude horietako 14.

Pandemiari aurre egiteko tresna juridiko hori erabili zuen Gasteizko Exekutiboak martxoaren lehenengo asteetan. Martxoaren 13an agerraldi publikoa egin zuen lehendakariak, osasun larrialdia ezarriko zutela iragartzera.

Horren harira, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak larunbatean esan zuenez, normaltasun berrian "atzerapausoa egiteko beharra dugu" eta neurri murriztaile berriak hartu behar dira, egoera "larriagotzen" ari delako.

Murrizketa berrien helburuak hiru dira: osasun-sistema ez tenkatzea, bigarren konfinamendu bat saihestea eta birusarekin bizitzen ikastea, tratamendurik edo txertorik ez dagoen bitartean.

Neurriak

Behin osasun larrialdia ezarrita, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak LABI-Euskadiko Babes Zibilerako Plana aktibatuko du, eta lehendakariak berak zuzendu eta koordinatuko du batzorde hori. Lehenengo bilera asteartean izango da, lehendakaria buru eta erakunde anitzeko ordezkariekin.

Koronabirusaren hedapena gelditzeko ezarriko dituzten neurri berriak astearte horretan bertan adostuko dituzte, LABIren batzordean. Neurri horiek, besteak beste, tabernetako edukierak, ordutegiak, pertsonen bilerak eta garraio publikoen gaueko ordutegiak murriztuko dituzte.

Gainera, Espainiako Osasun Ministerioak erkidegoekin adostutako neurriak ere onartuko dira, besteak beste, kalean edo aire librean erretzeko debekua, baldin eta bi metroko distantzia tartea gorde ezin bada.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) hartutako ebazpenaren egun berean, diskoteka, dantzaleku eta gaueko tabernak ixtea adostu zen. EAEANk Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek aurkeztutako helegitea partzialki onartu zuen, eta, hori dela eta, Euskadiko tabernak 03:00ak arte eta diskotekak 05:00ak arte egon ahalko dira zabalik, Osasun ministroak hartutako erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Albisteak (3)

Bideoak (1)