Itxi

Koroanabirusa

Arabako egoitzetako erabiltzaileen senideek bisitak egunero egitea eskatu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Adinekoak kaletik paseatzera ateratzeko baimena ere eskatu dute, itxieraren ondorioak oso larriak eta atzeraezinak izaten ari direlako, senideen aburuz.

Gaur goizeko elkarretaratzea, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. Irudia: EFE.

Arabako egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senideek egunero bisitak egiteko baimena eman diezaietela eta adinekoak kalera paseatzera atera ditzatela eskatu dute, itxieraren ondorioak oso larriak eta atzeraezinak izaten ari direlako eta covid-19aren aurrean "arriskurik ez egotea ezinezkoa da".

Senide horiek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Gasteizen, Foru Jauregiaren aurrean, honako kartel hauekin: "gure adinekoen isolamenduari ez", "beste guztiek bezala, normaltasun berria bizitzeko eskubidea", "mugitzeko askatasuna egoiliarrentzat" eta "adinekoa isolatua, adinekoa arriskuan".

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, kolektibo horretako bozeramaile batek aitortu du egoitzetako langileek lan handia egin dutela, baina uste du Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren helburu bakarra dela adinekoak covid-19arengandik ez kutsatzea eta berdin zaiela "nola egin".

Arriskua ez egotea ezinezkoa da eta senideak ez direla "burugabe" batzuk azpimarratu du: "Badakigu koronabirusa hemen dagoela, eta neurri guztiak hartu behar ditugula". Soilik "bisita duinak" eskatzen dituztela aitortu du, eta haiekin kalera paseatzera ateratzea eskatu dutela, ez merkataritza zentroetara, ezta jendetza handiko guneetara ere.

Egoitzetako erabiltzaileek jendea kaletik paseatzen ikusten dutela deskribatu du, eta ez dutela ulertzen zergatik haiek ez duten eskubide hori.

Halaber, kritikatu du Arabako Aldundiak adinekoak, ahulenak direlako, babestu behar direla esaten duela, eta egoitzen erabiltzaile zein langile guztiei PCR probak egingo zizkietela adierazi zuela, eta oraindik  ez duela bere hitza bete azpimarratu dute.

Bozeramaileak adierazi du bera positibo bat erregistratzen den taberna batean badago, hurrengo egunean proba egingo diotela adierazi du. "Non dago Aldundiak aipatzen duen prebentzio hori?", "Ez da betetzen" nabarmendu du.

Azkenik, egoitza eredua aldatzeko ezer egin ez izana deitoratu du, itxiera garaian foru erakundeak behar hori aitortu arren. "Abuztuan gaude, eta berdin gaude", deskribatu du.

Albisteak (2)