Itxi

Kanpaina

Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 13an hasiko da Euskadin

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Arriskurik handiena duten gizataldeei dagokienez, asmoa da kanpaina aurreko astean hastea, Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri duenez.

Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 13an hasiko da. EiTBren bideo bateko bideoa.

Osakidetzak urriaren 13an hasiko du gripearen aurkako txertaketa-kanpaina orokorra; hori bai, arriskurik handiena duten gizataldeei dagokienez, asmoa da kanpainari aurreko astean ekitea, Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri duenez.

SER katean egin dioten elkarrizketa batean, sailburuak onartu du kezkatuta dagoela koronabirus-kasuen gorakadagatik; izan ere, egunero, 500 kasu berri baino gehiago ari dira atzematen. Hala ere, zehaztu duenez, "orain, kutsatutako pertsonak atzemateko gure gaitasuna oso altua da".

"Egunero, 7.000 PCR probatik gora ari gara egiten, eta, ondorioz, sintomarik ez dituzten gaixoak atzematen ari gara, eta paziente gazteagoak. Horrela, gaitzaren bilakaera geldiarazten ari gara".

Nolanahi ere, kutsatutako lagunen kopuruak gora egin duenez, arriskurik handiagoa duten herritarrak ere ari dira kutsatzen, 40 urtetik gorako herritarrak; halaber, gero eta gaixo gehiago daude ospitaleratuta: "Egunero, Zainketa Intentsiboetako Unitatea behar duten pertsonak agertzen dira. Duela hilabete, zainketa intentsiboetan, COVIDagatik, hiru edo bost paziente genituen; egun, aldiz, 20 daude. Eta hori da egunero 500 kutsatu berri ditugulako, ez 50, duela hilabete bezala. Ospitaleratu dituztenekin ere, berdin: bostetik, asteazkenean izandako 39etara pasatu gara. Hori bai, alten kopuruak ere gora egin du", onartu du sailburuak.

Murgak berretsi duenez, ospitaleratzeen gorakadaren aurrean, euskal osasun-sistema "prest dago".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Albisteak (5)