KORONABIRUSA
16 COVID-19 kasu atzeman dituzte Tuterako adinekoen egoitza batean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kutsatu guztiak asintomatikoak dira, lehenbizi gaixotutako pertsona izan ezik. Ezingo dira bertan bizi direnak bisitatu ondorengo egunetan eta egoiliarrek ere ezingo dute kalera joan.
Tuterako adinekoen egoitza batean bizi diren hamahiru pertsonak eta bertako hiru langilek positibo eman dute koronabirusa atzemateko PCR probetan. Egoiliarretako batek sintomak izan eta kutsatzea baieztatu ostean egin zaizkie gainontzekoei probak. Pertsona hori izan ezik, agerraldiaren gainerako kutsatuak sintomarik gabekoak dira.
Kasu positibo bat zegoela jakitean, zentroko egoiliarren eta langileen artean probak egin dira, protokoloa aplikatuz. Positibo eman duten egoiliarrak Argarayko zentrora eramango dituzte, Eskubide Sozial eta Osasun Departamentuek adostutako protokoloetan aurreikusita dagoen bezala, eta langileak isolamenduan egongo dira euren etxeetan, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Agerraldiarekin, bertan behera geratu dira egoiliarren irteerak eta zentroan jasotzen dituzten bisitak, egoera epidemiologikoa normaltasunera itzuli arte.
Era berean, egoeraren berri eman dio Nafarroako Goernuak Tuterako alkateari eta inguru horretako osasun arduradunei.
Bestalde, hiru kasu positibo gehiago atzeman dira Nafarroako adinekoen beste hainbeste egoitzatan: bi langileak dira eta hirugarrena egoiliar bat. Kasu horietan ere egin dira jada PCR probak baina oraindik ez dira ezagutzen emaitzak. Desgaitasun-zentro batean egindako probetan, berriz, langile batek positibo eman du.