Koronabirusa
Aurrez aurreko eskolak Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ikasturtearen hasieran
Agentziak | Erredakzioa
Horretarako, unibertsitate-komunitatearen segurtasuna bermatzea helburu, hainbat neurri hartu dituzte.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak hurrengo astean ekingo dio 2020-21 ikasturteari, eta aurrez aurreko eskolak izango ditu, % 100ean, ikasturteko hasiera horretan. Horretarako, zenbait antolakuntza-, garbitasun- eta osasun-neurri hartu dituzte, unibertsitate-komunitatearen segurtasuna bermatzea helburu.
Eskolak irailaren 2an hasiko dira hau da, hurrengo asteazkenean, baina lehen mailako ikasleek, aurreko egunean (irailaren 1ean), graduen aurkezpen-jardunaldia dute, Unibertsitateak jakitera eman duenez.
Hartutako neurriak, bereziki, bi arlotan daude zehaztuta. Alde batetik, geletako aforoak berregituratu eta murrizteko neurriak daude; beste aldetik, 1,5 metroko tartea zaintzeko neurriak daude. Campusean, aurrez aurreko irakaskuntza egotea xede, garbitasun-neurriak hartu beharko dituzte (besteak beste maskara erabili beharko dute, eta eskuak garbitu).
Eskumena duten agintarien gomendioekin bat hartutako neurriak dira, Foru Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin eta Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Nafarroako Institutuarekin koordinatuta.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, halaber, Arrisku Plana du; bertan, 2020-21 ikasturtean egon litezkeen egoeretarako ekintzak daude zehaztuta: alegia, egokitutako aurrez aurreko eskoletarako, konfinamendu partzialerako, edo erabateko konfinamendurako. Planaren helburua da oreka egotea kalitatezko unibertsitate-irakaskuntzaren eta ikasleen eta langileen osasunaren babesaren artean.
Egoera aldatuko balitz, egokitzeko gaitasuna
Osasun-agintariek hala erabakita egoera aldatuko balitz, Unibertsitateak gaitasuna izango luke egokitzeko, gela hibridoen bidez, eskolak zuzenean emanez, edo, udaberriko konfinamenduan egin zutenez, onlineko eskolak eginez.
Unibertsitate-komunitateari jakinarazi diote, dagoeneko, erabaki horiek hartu dituztela. Gainera, ikasle guztiek, aste honetan, gida espezifikoa jasoko dute, campusera joan aurretik jakin dezaten zein neurri ezarri dituzten. Horrekin lotuta, ikasleei gogora ekarri diete derrigorrezkoa dela maskara une oro zuzen jarrita izatea, tartea egonda ere.
Irakaskuntzari dagokionez, "ikerketa sakona" egin dute, aurrez aurrekoa izan dadila lortzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasgelategi zentralizatua du Arrosadiako campusean eta, hortaz, guztiz optimizatu egin dituzte egun dauden irakaskuntza-guneak.
Osasuneko campusean eta Tuterakoan, eskolak guztiz izango dira aurrez aurrekoak, bietan dauden baliabideei erreparatuta. Unibertsitatean egin beharreko praktikei dagokienez, aurreikuspena da denak aurrez aurrekoak izan daitezela, beharrezko garbitasun- eta osasun-neurriak hartuta.