KORONABIRUSA
1.000 kasu positibo baino gehiago atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
eitb.eus
EAEn pandemia hasieratik zenbatutako inoizko positibo kopururik handiena erregistratu dute, eta Nafarroa martxoaren 30eko mailara heldu da, Tuterako enpresa batean izandako agerraldiagatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hego Euskal Herrian egun bakarrean zenbatutako 1.000 kutsatuen langa gainditu da, pandemia hasi zenetik lehen aldiz. EAEn ere egun bakarrean izandako kopururik handiena zenbatu dute, 764 positibo atzeman baitituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez, joan den abuztuaren 21ean 724 kasu atzeman zituzten Euskadin.
Zehazki, Euskadin baieztatutako kasu berrietako 365 Bizkaian atzeman dituzte, 243 Gipuzkoan eta 131 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 25 pertsonak eman dute positibo azken orduetan EAEn egindako PCR probetan.Halaber, gaitza atzemateko 8.753 PCR proba egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Araban, kutsatu gehienak Gasteizen atzeman dituzte (115). Bizkaian, berriz, askoz zabalduago dago gaitza udalerrien artean; Bilbon, adibidez, 165 kasu baieztatu dituzte, Gernikan 47 eta Portugaleten 29. Gipuzkoako egoerari dagokionez, Donostian 114 kutsatu zenbatu dituzte, Errenterian 16 eta Lasarte-Orian 12.
Koronabirusak Euskadin eragindako egoera epidemiologikoari buruzko bilakaera esteka honetan dago eskuragarri. Azken orduetan herriz herri atzemandako positibo berriak ageri dira bertan, pandemia hasi zenetik zenbatutako kasu guztiak eta kasuak adin-taldeen arabera sailkatuta.
Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 372 emakumeak dira eta 391 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 69 urte baino gutxiago dituzte; batez ere, 20 eta 29 urte bitartean (160 kasu).
Covid-19a duten 90 pertsonak 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta 125ek, berriz, 30 eta 39 urte bitartean. Halaber, azken orduetan atzemandako 55 kasutan, gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, positibo eman duten 105 pertsonak 40 eta 49 urte bitartean dituzte, 98k 50 eta 59 urte bitartean, 51k 60 eta 69 urte bitartean eta beste 73k 70 urtetik gora.
1,15 da gaurko R0 indizea (atzo 1,14 zen).
Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun 31 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko oharrean emandako datuen arabera. Une honetan, 217 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin lotuta gelan, eta horietatik 42 azken orduetan ospitaleratu dituzte.
175 positibo Tuterako lantegi batean
Gainera, Nafarroan 78 COVID-19 kasu berri atzeman dira eta Beste 175 positibo gehigarri haragiaren sektoreko Tuterako lantegi batean egindako behaketa batean. Guztira 2.444 PCR proba (640 aipatutako lantegian) egin dira Nafarroan, pandemia hasi zenetik, proba kopuru handiena.
Behatutako lantegiko positiboen artean beste erkidego batzuetako biztanleak daudenez, Osasun Sailak, Ministerioari konfirmatutako 78 kasuak bakarrik emango dizkio, bigarren blokeko positiboen esleipen autonomikoa berretsi arte.
Ikuspegi epidemiologikotik, atzo, 10 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroan COVID-19ren ondorioz, eta ez zen heriotzarik erregistratu koronabirusagatik. Beraz, pandemia hasi zenetik, 533 pertsona hil dira birusagatik.
Nafarroako ospitale-sarean 64 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusarekin; horietatik 8 ZIUn daude, eta beste 7 etxean ospitaleratuta. Gainerakoak, 49 gaixo, plantan daude.
3.781 positibo berri espainiar Estatuan
Espainiar Estatuan, bestalde, Osasun Ministerioak guztira 9.658 positibo daudela dierazi du, azken 24 orduetan atzemandako kasuak 3.781 izan dira. Kasu berri horietako lautik bat Madrilen izan da, eta nahiz eta 979ra jaitsi diren erkidego horretako positiboak, kasu gehienak bertan atzeman dira.
Azken 24 ordu horietan, 880 pertsona ospitaleratu dituzte (aurreko egunean baino 42 gutxiago). Guztira, 6.036 pertsona daude Estatuko ospitaleetan. Horietatik 725 ZIUn daude, atzo baino 18 gehiago, Osasun Ministerioak emandako azken balantzearen arabera.