Nafarroa
Gripearen aurkako txertoaren kanpaina urriaren 5era aurreratu dute Nafarroan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Halaber, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du osasun zentroetan lantaldeak indartzeko egindako ehunka kontratu luzatuko dituztela.
Santos Indurain Osasun kontseilariak jakinarazi du gripearen aurkako txertoaren kanpainaren hasiera urriaren 5era aurreratuko dutela, eta azpimarratu du "aurten inoiz baino garrantzitsuagoa" izango dela txertoa jartzea.
Horrez gain, osasun zentroetako lantaldeak indartzeko kontratatu zituzten 798 profesionalek lanean segituko dutela iragarri du. Abuztuaren 31n amaitzen zitzaien kontratua, baina urte bukaera arte luzatuko dizkiete.
Indurainek esan du Nafarroan osasun egoera ez dela martxoan bezain txarra, "baina ez gaude nahiko genukeen egoeran".
Uztaila hasieran 26 positibo izan ziren Nafarroan, eta abuztuko azken aste honetan 710 baieztatu dituzte. Guztira, bi hilabeteotan 3.542 pertsona kutsatu dira, 142 ospitalera eraman behar izan dituzte eta hiru lagun hil dira.