Itxi

Koronabirusa

EH Bilduk Hezkuntza Sailaren protokoloa kritikatu eta ratioak murriztea eskatu du

Agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Ikasturte berrirako "ezinbestekoak diren neurriekin" ekimena aurkeztu du koalizioak. Besteak beste, ikasgelako gehienez 15 ikasle egotea eta kontratazioa handitzea eskatu du.

Arrese, Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Koronabirusa dela eta, ikasturte berrian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak prestatutako protokoloa "ez da nahikoa" EH Bilduren ustez, eta, hori dela eta, legez besteko ekimena aurkeztu du Legebiltzarrean osasun egoerari aurre egiteko "ezinbestekoak diren neurriekin". Koalizioak proposatutako neurrien artean, ratioak 15 ikaslera murriztea eta horren araberako kontratazioak egitea daude.

Neurriok prentsaurrekoan azaldu ditu Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak. Arresek gogor kritikatu du joan den ostiralean Cristina Uriarte jarduneko Hezkuntza sailburuak aurkeztutako plana. "Aurretik genituen nahasmena eta argitasun falta bere horretan daude. Uriartek ez zuen inongo ziurtasunik eman, eta hezkuntza komunitatea eta herritarrak are nahastuago daude. Ez dago ziurtasunik, protokolo hutsal, zehaztugabe eta inprobisatu bat aurkeztu digu berriro".

Arresek kritikatu du 1.000 irakasleren kontratazioa iragarri zutela, baina ez zutela zehaztu noiz egingo dituzten, zein zentrotara bidaliko dituzten, ordezkapenekin zer gertatuko den edo zer egingo duten plantillako beste behargin batzuekin. "Ez dute ratioei buruz ezer esan. Oso larria da, eta langile gehiago ez kontratatzeko aitzakiatzat erabiltzen dute", salatu du.

Koalizio abertzaleko parlamentariak proposatu du ratioak 15 ikaslekoak izatea. Horrek esan nahi du plantilla % 20 handiagoa izan beharko litzatekeela, eta 380 milioi euroko gastuak ekarriko lukeela. Arreseren ustez, Uriartek iragarritako 1.000 kontratazioekin ez da nahikoa.

Proposatutako neurriak

Halaber, Arreseren aburuz, Hezkuntza Sailak banatu nahi duen maskara kopurua "txikiegia" da. Horregatik, ikasturte hasiera mailakatuaren nondik norakoak zehazteko eskatu du, EH Bilduren iritziz pixkanakakoa izan beharko litzatekeelako, alegia, tokian tokiko osasun egoeraren araberakoa eta Udalekin zein hezkuntza komunitatearekin adostutakoa. "Uriartek ez ditu leku bakoitzean dauden egoera epidemiologikoak kontuan izan", aurpegiratu dio.

Hori gutxi ez eta, zentroetan gerta litezkeen kutsatzeen inguruko argibiderik eman ez dutela kritikatu du. "Ikasleren batek etxean egon beharko balu, nola jarraituko luke ikasketekin? Zein irakasleri dagokio hari klaseak ematea? Non daude beharrizan bereziak dituzten ikasleentzako baliabideak?", galdetu du.

Bestalde, Hezkuntza Sailari galdegin dio plan "espezializatu" bat martxan jartzea, "euskarak hilabeteotan izan duen galera berreskuratzeko".

Amaitzeko, exijitu dio jantoki eta garraio zerbitzuetako ordezkariekin segurtasun neurriak adostea, eta horien lanpostuak bermatzea. Ildo horretan, proposatu du hezkuntza komunitateko sektore eta eragileekin elkarlana indartzea, akordioak erdietsi eta horiek aurrera eramateko.

Albisteak (4)