Itxi

Ikasturte berria

Unibertsitateentzako gomendioak: maskara, leihoak zabalik eta eredu mistoa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Ikasturte berrira begira, Espainiako Unibertsitate Ministerioak astelehen honetan iragarritako neurri berriak dira horiek.

Unibertsitateentzako gomendioak: maskara, leihoak zabalik eta eredu mistoa

Maskara derrigorrezkoa izatea, zentroetako aireztapena hobetzea (ahal den neurrian leihoak zabalik egotea) eta eredu mistoaren (aurrez aurreko eskolak eta telematikoak) alde egitea proposatu du Espainiako Unibertsitate Ministerioak ikasturte berrirako.

Manuel Castellsek zuzendutako ministerioak zuzenketak egin ditu ekainean aurkeztutako txostenean, unibertsitateetako hezkuntza sistemarekin lotutako berritasunak jasotze aldera.

Hartara, unibertsitate bakoitzak bermatu beharko du ikasle kopuruak ikasgelen edukiera ez gainditzea, betiere, ikasleen artean 1,5 metroko distantzia gorde behar dela kontuan izanda.

Horretarako prestatuta ez dauden zentroek bideokonferentzia bidez eman beharko dituzte eskolak. Hain zuzen ere, ikasle kopuru jakin batek ez du ikasgelara joan beharrik izango, hau da, etxetik jasoko ditu klaseak. Unibertsitate Ministerioak egindako eskariari men, kasu horietan, aurrez aurreko klaseak eta telematikoak txandaka jasoko dituzte ikasleek.

Aireztapena

Klasea hasi baino 10-15 minutu lehenago gutxienez, ikasgeletako leihoek irekita egon beharko dute, baita eskolak bukatutakoan ere.

Bestalde, unibertsitate guztiek covid-19aren aurkako protokoloa izango dute, baita pandemiarekin lotutako kudeaketaz arduratzen den pertsona bat ere. Halaber, fakultate bakoitzean ordezkari bat egongo da, krisiaren kudeaketa zuzentzeko.

Horrez gain, unibertsitateek isolamendu gela bat izango dute, kasu susmagarriak agertzen direnerako.

Ikasleren batek covid-19arekin zerikusia duten sintomak dituenean isolamendu gelara joan beharko du. Ondoren, etxera bidaliko dute, eta PCR proben emaitza izan arte ez dute ikasgelara itzultzeko aukerarik izango.

Gainera, kasu positiboren bat atzematen dutenean, ikasle horren gertuko pertsonek ere proba egin beharko dute, eta bakoitzak bere etxean koarentena bete beharko du.

PCR probaren emaitza gorabehera, koarentena 14 egunekoa izango da. Isolamendu egoeran dauden ikasle guztiek klase telematikoaK jasotzeko eskubidea izango dute.

Albisteak (5)