Itxi

Koronabirusa

Ikastolek jasoko dituzten baliabideak zehazteko eskatu diote Jaurlaritzari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Ikastolen Elkarteak esan du Hezkuntza Sailarekin egindako bilera "dezepzioa" izan dela, ikasturte berriari aurre egiteko agindu dizkieten laguntzak zeintzuk izango diren argitu ez dietelako.

Ikasgela bat. Artxiboko argazkia: EFE

Ikastolen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bilera egin zuten atzo, ikasturte berrian koronbirusaren pandemiari aurre egiteko neurriez hitz egiteko.

Ikastolek ohar batean salatu dute bilera "dezepzioa" izan zela eta zalantzak argitu beharrean, dudak areagotu egin direla. Horrenbestez, "hezkuntza sistema osoarekiko dituen erantzukizunak betetzeko" eskatu diote Jaurlaritzari.  

Ikasturteko berria hasterako hainbat baliabide izango zituztela agindu zieten ikastolei, "baina oraindik ez digute argitu zeintzuk izango diren laguntza horiek, ezta zein irizpideren arabera emango dituzten ere", ohartarazi dute.

Federazioaren iritzian, "Eusko Jaurlaritzak denbora irabazteko baliatu du bilera eta ezer ez jasotzeko arriskuan gaude". Halaber, "oraindik ez dakigu astelehenean ikasleak bueltatzen direnerako baliabide horiek izango ditugun ala ez", kritikatu dute.

Horrez gain, adierazi dute hainbat neurri ikastetxe guztietan nahitaez hartu beharko direla eta, besteak beste, hauek aipatu dituzte: irakasle gehiago kontratatzea, baliabide teknologikoak erostea eta garbiketarako neurriak indartzea.

Amaitzeko, euskara indartzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute; izan ere, osasun krisi honetan "euskararen erabilera eta kalitatea jaitsi egin da".

 

Albisteak (4)