GERTAKARIA
Karrantzan bi pertsona tiroz zauritu dituzten bi lagunen bila ari da Ertzaintza
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Hainbat pertsonaren arteko liskarra gertatu zen atzo 21:00ak aldera. Ertzaintza agertu zenean, bi pertsona zaurituta aurkitu zituzten eta Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten.
Atzo gauean Karrantzan (Bizkaia) bi pertsona tiroz zauritu zituzten bi lagunen bila ari da Ertzaintza.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atzo 21:00ak aldera gertatu zen tiroketa. Antza denez, liskarra sortu zen talde baten artean eta Ertzaintza iritsi zenean bi lagun zaurituta aurkitu zituen. Erasotzaileak alde eginda zeuden ordurako.
Zauri arinak zituztela zirudien arren, Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten anbulantzian.
Ertzaintzak ikerketa ireki du zer gertatu zen argitzeko eta ihes eginda dauden bi pertsonak aurkitzeko, baina ez du horien inguruko daturik eman.