Itxi

KORONABIRUSA

19.000 positibo berri eta 96 hildako izan dira EAEn uztailaren 6tik hona

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Atzo, bestalde, 608 positibo atzeman zituzten PCR probetan: 94 Araban, 324 Bizkaian eta 188 Gipuzkoan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren "bigarren olatuak" Euskal Autonomia Erkidegoan utzi dituen datu epidemiologikoen eta bilakaeraren laburpena egin du publiko gaur, Osasun Sailak eta Osakidetzak landu duten txosten baten bidez.

Uztailaren 6tik irailaren 3ra 332.991 PCR proba egin dituzte eta horietan 19.158 positibo berri atzeman dituzte. Denbora tarte horretan, gainera, 96 pertsona hil dira COVID-19arekin. Osasun Sailak berak zehaztu duenez, "hil aurreko bi hilabeteetan infekzioa izan duten pertsonak dira, baina ezin dezakegu esan COVID-19a izan denik heriotza eragin diena kasu guztietan".

Txosten horren arabera, intzidentzia-tasa jaisten ari da azken egunetan hiru lurralde historikoetan eta datuak egonkortzen ari dira hiru hiriburuetan. Dena dela, intzidentzia gora egiten ari da beste udalerri batzuetan.

Azken egunetan atzeman diren positibo portzentajeak, bere aldetik, behera egiten jarraitzen du eta %6,6an dago orain. %5etik behera egotea da Osasun agintarien nahia.

Profilari dagokionez, kutsatu berrien %20,9 60 urte edo gehiagokoak dira eta azken astean atzeman diren positibo berrien %50 baino gehiago norbaiten kontaktu hertsia izateagatik topatu dituzte.

Hauek dira azken 14 egunetan kasu gehien pilatu dituzten hiri eta herriak:

Bilbo 1.709

Gasteiz 1.129

Donostia 1.020

Barakaldo 384

Getxo 335

Gernika 223

Irun 170

Portugalete 142

Sestao 125

Erandio 123

Mungia 118

Errenteria 113

Lasarte-Oria 107

Galdakao 99

Santurtzi 97

Hernani 93

Leioa 82

Durango 76

Basauri 75

Trapagaran 58

Zarautz 56

Ondarroa 54

Tolosa 54

Azpeitia 48

Azken 24 orduetako datuak: 608 positibo berri EAEn

Pandemiaren eguneko datuei dagokienez, Osasun Sailak jakitera eman du atzo 7.218 PCR proba egin zituztela eta 608 positibo izan zirela.

Lurraldeka, 94 kasu atzeman ziren Araban, 324 Bizkaian eta 188 Gipuzkoan. Gainera, EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak ere positibo eman zuten.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 36 pertsona ingresatu zituzten atzo COVID-19agatik, eta une honetan 47 lagun daude ZIUetan.

Positibo berrien informazioa herrika eta RO indizea bihar, astelehena, emango dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Albisteak (3)

Bideoak (1)