Itxi

Asteburuko balantzea

111 salaketa jarri dituzte Iruñean, kalean edateko 25 bilkuratan parte hartzeagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Txantrea auzoan, kalean edaten ari ziren 80 gaztek korrika alde egin zuten agenteak gerturatu zirenean, eta kale erdian hainbat edukiontzi gurutzatu zituzten, harrapa ez zitzaten.

Iruñeko Udaltzaingoak hainbat salaketa jarri ditu asteburuan, indarrean dagoen osasun-araudia ez betetzea egotzita. Besteak beste, 111 lagunen kontrako salaketa jarri dute, kalean edateko antolatutako 25 bilkuratan parte hartzeagatik.

Txantrea auzoan, kalean edaten ari ziren 80 gaztek korrika alde egin zuten agenteak bertaratu zirenean, eta kale erdian hainbat edukiontzi gurutzatu zituzten, harrapa ez zitzaten. Alabaina, 22 urteko gazte bat atxilotu zuten, jarrera oldarkorra erakutsi ondoren.

Gainera, hainbat etxebizitzatan zein kalean antolatutako jai pribatuetara ere bertaratu dira udaltzainak, bizilagunen kexak jaso ostean.

Bestalde, 71 pertsona salatu dituzte maskara ez erabiltzeagatik, eta araudia bete ez duten 8 tabernari atzeman dituzte.

Hain zuzen ere, festa-giroan izandako arau-hausteekin lotuta, bost salaketa jarri dituzte.