Itxi

KORONABIRUSA

Larraineko eskola eta Baionako haurtzaindegi bat itxita, COVID-19 kasuak direla eta

AGENCIAS | REDACCIÓN

Nafarroan, Iruñeko Larraona ikasle egoitzan 3 positibo atzeman dituzte, eta beste 28 ikasle daude bakartuta. Azagran, Francisco Arbeloa ikastetxean, 4. mailako 22 ikasle daude isolatuta.

Larraine herria. Argazkia: EiTB

Ikasturtea ez da hasi besterik egin baina hasi dira lehen ikastetxeak ixten. Zuberoan, Larraineko eskola itxi dute bertako ikasle batek positibo eman duelako. Baionan, berriz, Xaho Udal haurtzaindegian ere erabaki bera hartu dute langile bat gaixotu delako. Gainera, Mungiako Bentades Ikastetxeak gaur ez ditu ateak ireki taldean zenbait positibo atzeman eta gero. 0 eta 2 urte bitarteko haurrak baino ez dira joan ikastetxera.

Nafarroari dagokionez, Iruñeko Larraona ikasle egoitzan 3 positibo atzeman dituzte, eta beste 28 ikasle daude bakartuta. Azagran, berriz, Francisco Arbeloa ikastetxean, 4. mailako 22 ikasle daude isolatuta, ikaskide batek COVID-19an positibo eman ostean. Isolatutako ikasleei PCR probak egin dizkiete eta orain 10 eguneko itxialdia egin beharko dute.

Ez dira Nafarroako eskoletan atzemandako kasu bakarrak, izan ere, Barañainen ere 4 ikasle daude bakartuak, ikaskide batek positibo eman ondoren.

Greba deialdia, irailaren 15erako

Bitartean, bere horretan dirau datorren irailaren 15erako euskal hezkuntzako sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, CCOO y UGT) deitutako grebak. Ikasgeletara itzulera "seguru eta adostu bat" eskatzen diote Hezkuntza Sailari, ikasle ratioak jaitsiz eta horren araberako kontratazioak eginez.

Hezkuntza Sailak bilerara deitu ditu sindikatuak, greba indargabetzeko ahaleginetan. Horren aurrean, hezkuntza sindikatuek begi onez ikusi dute Bildarratz sailburu berriaren keinua. Bilera-sorta bihar bertan abiatuko du Steilas sindikatuarekin.

Albisteak (3)

Bideoak (2)