Makroinkesta
Bi emakumetik bat indarkeria matxistaren biktima izan da estatu espainiarrean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ikertutako indarkeria moten artean daude genero indarkeria (bikotean), bortxaketak, sexu erasoak eta indarkeria psikologikoa. Galdekatu guztiak 15 urtetik gorako emakumeak dira.
Estatu espainiarreko 15 urtetik gorako emakumeen % 57,3 (bitik bat) indarkeria matxistaren biktima izan da bizitzan zehar, Emakumeen Indarkeriaren aurkako Gobernuaren Ordezkaritzak egindako makroinkestak erakusten duenez. Horrek esan nahi du 11,7 milioi emakumek jasan dutela indarkeria matxista, emakume izateagatik. Ikertutako indarkerien artean daude genero indarkeria (bikotean), bortxaketak, sexu erasoak eta indarkeria psikologikoa.
"Latza da bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatzea. Berdintasun ezaren ezaugarri basatiena da", ohartarazi du Irene Montero Berdintasun ministroak, makroinkestaren emaitzen aurkezpenean.
1999az geroztik, gutxi gorabehera lau urtetik behin egin izan ohi dute inkesta hori. Horretarako, 16 urte edo gehiago dituzten 9.568 emakume galdekatu dituzte oraingo honetan.
Indarkeria motei dagokienez, 4,38 milioi emakumek (% 21,5) jasan dituzte noizbait eraso fisikoak, eta 2,8 milioik (% 13,7) sexu indarkeria.
Bestalde, emakumeen % 6,5ak sexu indarkeria nozitu du bikotetik kanpo, % 2,2 bortxaketa baten biktima izan da, % 13,4k jasan ditu eraso fisikoak, eta % 40,4k sexu erasoak.
Bikotea dutenen artean, berriz, ia hiru milioi (% 14,2) emakumek pairatu dute indarkeria fisikoa edo sexuala, dela gaur egun duten bikote-harremanarekin lotuta, dela iraganean izan duen harreman bati lotuta. Indarkeria psikologikoa, berriz, % 31,9k jasan du.
1,6 milioi haur bizi dira emakumeek indarkeria jasaten duten etxeetan
Guztira, 1.678.989 adingabeko bizi dira emakumeek indarkeria jasaten duten etxeetan, edozein dela ere haren izaera: indarkeria fisikoa, sexuala, emozionala, ekonomikoa edota beldurra.
Zehazki, inkestak erakusten du adingabeko horietatik 1.650.095 indarkeria psikologikoa dagoen etxeetan bizi direla.
Gainera, 265.860 ume bizi dira indarkeria fisikoa edo sexuala jasaten duten emakumeekin. Hori gutxi ez eta, horien seme-alaben % 51,7 ere indarkeriaren biktima izan da, emakume horien bikotekideen erasoak jasan dituztelako.