Koronabirusa
Hainbat ikasle talde koarentenan jarri dituzte Hego Euskal Herrian azken orduetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako, Gasteizko, Iruñeko, Murchanteko eta Faltzesko ikasle-taldeei Tuteran eta Zangozan konfinatutako beste bost ikasle-talde gehitu zaizkie.
Bost kasu positibo berri izan dira koronabirusagatik, eta beste horrenbeste ikasle konfinatu behar izan dituzte Tuterako Huertas Mayores eta Elvira España eta Zangozako Luis Gil ikastetxeetan.
Huertas Mayores Tuterako ikastetxearen kasu positiboa Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako talde batean gertatu da, eta 23 ikasle konfinatu behar izan dituzte, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Elvira España ikastetxearen positiboa Haur Hezkuntzako hirugarren mailako gela batean gertatu da, 20 bat ikaslerekin.
Zangozan hiru positibo eman dituzte Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 6. mailetako beste ikasle batzuek, herriko Luis Gil ikastetxe publikoan, eta, beraz, haien taldeak ere konfinatuta geratu dira. Kasu horretan 50 ikasle inguru daude.
Gainera, hainbat positibo antzeman ostean, zazpi ikasle-talde koarentenan jarri dituzte Iruñeko, Murchanteko eta Faltzesko bost ikastetxetan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Murchanten, Mardones y Magaña eskola publikoan, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako bi taldetako 48 ikasleak bidali dituzte etxera 10 eguneko itxialdia egiteko; Faltzeseko Doña Alvara Alvarez ikastetxe publikoan, berriz, 9 ume daude isolamenduan.
Iruñeko Jose Maria de Huarte eskola publikoko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako 45 ikasle eta Amaiur ikastolako haur hezkuntzako talde bat jarri dituzte koarentenan.
Halaber, asteazkenean, Iruñeko The British School of Navarra kolegioko talde bat eta Ilundain Kardinala ikastetxe publikoko 23 ikasle jarri zituzten isolamenduan.
Azagrako Francisco Arbeloa ikastetxeko 22 ikasle ere koarentenan egongo dira hilaren 15era arte, positibo bat antzeman ostean.
Haurreskola bat itxi dute Gasteizen
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Katagorri haurreskola aldi baterako ixteko agindua eman du, kasu positiboren bat agertu eta gero.
Alabaina, ez dute argitu zenbat kasu izan diren, ezta kutsatutakoak haurrak edo ikasleak diren ere.
Horrez gain, Donostiako Aldapeta Maria ikastetxean Lehen Hezkuntzako ikasle batek positibo eman du eta bere ikasgelako 24 umeak -8 eta 9 urte artekoak- eta haien irakaslea koarentenan jarri dituzte, Jose Maria Felices zuzendariak EFE agentziari azaldu dionez.
Bitartean, Zaldibarreko eskola publikoak itxita jarraitzen du eta familiek antolatzea erabaki dute haurrak txandaka zaintzeko.
"Eskola itxi izana arazo handia da. Ez dugu azpiegiturarik eta goizetik gauera antolatu behar gara. Herri txikia gara eta familia batzuek seme-alaben zaintza partekatzea erabaki dute", kontatu du eskola kontseiluko kide batek.
Ildo berean, informazio falta salatu dute. "Badakigu eskola gaur eta bihar itxita egongo dela, baina ez dakigu datorren astean zer gertatuko den. Jaurlaritzak zalantza hori azken unera arte argituko ez digula uste dugu", deitoratu du.
Bestalde, Mungiako Bentades ikastetxeak datorren astean irekiko ditu ateak. Aste honetan hasi behar zuen ikasturtea, baina hainbat irakaslek positibo eman ostean, zentroa itxi behar izan zuten.