Grezia
Moriako kanpalekuan dauden errefuxiatuak hartzeko prest agertu da Euskadi
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzaren iritziz, egoera honek Europar Batzordearen eta haren estatu kideen konpromisoa eskatzen du, errefuxiatuen krisi humanitario honen aurrean erantzun azkarra emateko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Moriako kanpalekuan (Lesbos uhartean, Grezian) "egoera larrian" dauden errefuxiatuak hartzeko prest agertu da gaur, astelehena, Eusko Jaurlaritza. Hala iragarri du Beatriz Artolozabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari gutun bana bidali ostean.
Bere esanetan, gaur egungo egoera "oso larria" da, eta "erantzun humanitario solidarioa, azkarra eta premiazkoa" behar dute han dauden pertsonek, "are gehiago guztiz eramangaitza den egoera honi koronabirusak eragindako pandemiaren eragina gehitu behar zaionean". "Eusko Jaurlaritzan horretarako konpromisoa hartzen dugu, eta, hori dela eta, laguntza eta elkartasuna eskaini nahi ditugu", gaineratu du.
Hala, Ilva Johansson Europar Batasuneko Barne Arazoetako komisarioari eta Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroari bidalitako gutunen bidez, Euskadi dagokion familia edo pertsona kopurua hartzeko gai dela azaldu du Artolazabalek; izan ere, "Euskadin harrera horretarako baliabideak gaitu ditugulako".
Horrez gain, sailburuak gogorarazi du SHARE proposamena "Europako estatu eta gobernu ezberdinen erantzunkidetasun printzipioari berehala heltzeko tresna baliagarria" dela.
Proposamen horrek egoera zaurgarrian dauden errefuxiatuak lurralde ezberdinetan banatzeko hiru irizpide jasotzen ditu: aberastasuna (diru-sarrera fiskalak, batez besteko errenta eskuragarria edo BPGa), biztanleria eta langabezi tasa. Parametro bakoitzak % 50, % 30 eta % 20ko pisua izango du, hurrenez hurren.
Jaurlaritzaren iritzian, uhartearen egoera ikusita, Europako Batzordeak eta estatukideek erantzun arin eta berehalakoa eman behar dute. "Erantzun hori banaketa solidario, orekatu eta erantzunkide baten arabera gauzatu behar da", eta horretarako prest dago Euskadi, Sailak adierazi duenez.
Azkenik, Zaporeak euskal erakundea Lesbosen egiten ari den lana diruz laguntzen jarraituko duela iragarri du Artolazabalek.