Koronabirusa
43.802 lagun mediku-kontsulta baten zain daude Nafarroan, eta 7.200 ebakuntza egiteko
Agentziak | Erredakzioa
Egoera horrek beste bultzada bat eskatzen du urte hasieran hasitako beheranzko joerari berriro heltzeko, eta urte amaierarako finkatu ahal izatea espero da.
Nafarroako itxaron zerrenden egoera "ez da inork nahi duena, ezta inork espero zuena ere", Santos Indurain Osasun kontseilariaren esanetan, eta pandemia hasi baino lehenagoko kopuruetara murrizteko lanean ari direla ziurtatu du. Ildo horretatik, abuztuan 43.802 pertsona zeuden lehen mediku-kontsultarako zain, eta 7.200 ebakuntza egiteko zain.
"Osasun arloko arreta pandemiak ahalbidetzen dituen gehienezko mugetaraino mantentzen dela bermatzeko lanean ari gara", esan du Indurainek, eta, lehen urrats gisa, "ezinbestekoa dela ikusi den arazoetarako" aurrez aurreko arreta berreskuratzea erabaki dela gaineratu du; "kontsulta eta ebakuntza gelak arratsaldean irekiz, ahal izan denean".
Indurainek adierazi duenez, koronabirusak eragindako pandemiak "eragin zuzena eta erabakigarria" izan du itxaron zerrendetan. "Egia eta kezkagarria" da bi zerrenda esanguratsuenak, lehen mediku-kontsultakoak eta kirurgiakoak, haziz joan direla udaberritik, baina "pandemiaren lehen olatuaren ondoren, datuak urtarrilekoaren antzekoak dira", eta horrek sistema eta profesionalak egokitzeko egin duten "ahalegin handia" islatzen duela iritzi dio.
Udaren hasierak jardueraren susperraldi garrantzitsua ekarri zuen (batez ere ekainean, langile gehienek oporrak hartu baituzte uztailean eta abuztuan), eta, horren ondorioz, egoera pandemiaren aurreko uneen antzeko parametroetan egonkortu da.
Egoera horrek beste bultzada bat eskatzen du urte hasieran hasitako beheranzko joerari berriro heltzeko, eta urte amaierarako finkatu ahal izatea espero da, Osasun kontseilariak adierazi duenez.
Ezarritako neurrien artean, kasu askotarako aurrez aurrekoa beharrezkoa ez den zerbitzua finkatzeko informazio-sistemen ahalegina eta egiteke dauden erreserbak historia klinikotik berrikusteko aukera aipatu ditu Santos Indurainek. Bere esanetan, hurrengo kontsultan aurrez aurreko arreta edo kontsulta telefonikoa zehazteko aukera ematen duen "urrats garrantzitsua da".
Halaber, azaldu duenez, pazienteei gaitzak arinago atzemateko eta lankidetza-ereduak ezartzeko asmoz, "oso aberasgarriakk" diren zerbitzu batzuk identifikatu dira, hala nola osasun arloko profesionalen arteko interkontsultak, pazienteei erantzun "hobea eta arinagoa" emateko asmoz.