Koronabirusa
5.100 ikasletik gora daude bakartuta Hego Euskal Herrian COVID-19agatik
EITB.EUS
Soraluzeko institutua ostegun honetan irekiko dute berriro; ostiraletik egon da itxita. Nafarroan 2.308 ikasle daude koarentenan, baina ez dute aurreikusten ikastetxerik ixtea.
5.108 ikasle daude etxean isolatuta Hego Euskal Herrian: 2.800 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta 2.308 Nafarroan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 59 eskolatako 79 ikasgela bakartuta ditu, koronabirusaren eraginez.
Ohar labur batean, COVID-19ak Euskadiko ikastetxeetan duen eraginaren inguruko datuak eguneratu ditu (asteazkeneko 12:00ak artekoak) Jokin Bildarratzen Sailak, baina ez du bestelako xehetasunik eman.
Ostiralean sailburuak emandako datuekin alderatuta, jaitsi egin da, beraz, erabat itxitako ikastetxeen kopurua, baina igo egin da ikasgelaren bat zarratuta dutenena. Bildarratzen ahotan, ostiralean 30 ziren ikasgelaren bat isolatuta zuten zentroak.
Bestalde, Soraluzeko Institutuak jakinarazi du Hezkuntza Sailak koarentenan dauden irakasleak ordezkatuko dituela eta, ondorioz, ostegun honetan irekiko dutela zentroa.
Zuzendaritzak ohar batean azaldu duenez, ikastetxea ostegunean, 11:30ean, irekiko dute eta orduan abiaraziko dituzte eskola presentzialak.
Soraluzeko institutua ostiraletik dago itxita, irakasle batek positibo eman ostean. Astelehenetik online eman dituzte eskolak.
2.308 ikasle daude itxialdian Nafarroan
Bestalde, azken 24 orduetan 21 ikasgela itxi dituzte Nafarroako ikastetxe ezberdinetan positiboak detektatu dituztelako, eta, ondorioz, beste 461 ikasle jarri dituzten koarentenan.
Guztira, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen % 3,60 daude etxean, hau da, 111 ikasgelatako 2.308 lagun.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu du ostiral honetan eta hurrengo astelehenean itzuliko direla bakartu behar izan zituzten lehen taldeak. "Argi dago ez zaigula gustatzen taldeak konfinatu behar izatea", esan du Remirezek. "Nafarroako ikasleen ia % 97 eskolara normaltasun osoz joaten ari da". Gauzak horrela, "portzentaje horiek mantentzea" eta "gehiagora ez joatea" espero du.
Adierazi duenez, hezkuntza sistema kontingentzia planaren bigarren jokaleku sendotuan dago une honetan, eta nabarmendu du gaur egun ez dela aurreikusten ikastetxerik ixtea.
Javier Remirezek positibotzat jo du "hezkuntza-komunitate osoaren konpromisoa", bai "arauak betetzeko benetako lezioa ematen ari diren" ikasleena, bai ikastetxeetako langileena eta familiena. Ildo horretan, ikastetxeen barruan arauak "erabat betetzen direla" azpimarratu du.
Ondoko ikastetxeetan antzeman dituzte positibo berriak:
Oliteko Viana Printzea ikastetxean 19 ikasle bidali dituzte etxera; Iruñeko Ermitagaña ikastetxean, 24; Murchanteko Mardones y Magaña kolegioan, 35; Tuterako Griseras eskolan, 47, Elvira España ikastetxean, 25, eta Compañia de Maria eskolan, 46; Erratzuko eskola publikoan, 12; Zizurreko Erreniega ikastetxean, 16; Iruñeko La Compasion Escolapios ikastetxean, 21; Sarrigurengo Santa Maria la Real ikastetxean, 20; Noaingo San Miguel zentroan, 18; Aiegiko Mater Dei eskolan, 17; Barañaingo Santa Luis Marillac ikastetxean, 15; Iruñeko Victor Pradera eskolan, 23; Irurtzungo Atakandoa ikastetxean, 27; Iruñeko Jesusen Bihotza ikastetxean, 29, eta Nuestra Señora del Huerto eskolan, 24.