Itxi

KORONABIRUSA

Bilboko eskola batek etxera bidaliko ditu COVID arauak betetzen ez dituzten ikasleak

EITB.EUS

Hainbat ikaslek arauak ez dituztela errespetatzen ikusita, Bilboko eskola alemaniarrak oharra bidali die gurasoei kasu horietan hartuko dituzten neurrien berri emanez.

DSBilbao ikastetxeko ikasleak pasiluan, euren webguneko irudi batean.

Bilboko eskola alemaniarrak COVIDari aurre egiteko ezarri dituen arauak errespetatzen ez dituzten ikasleak bi egunerako etxera bidaliko ditu, diziplina eta pandemiarekiko kontzientziazioa landu asmoz.

Hala jakinarazi die Deutsche Schule Bilbaok gurasoei bidalitako barne ohar batean, "ikaslegoaren zati batek" ez dituela arauak betetzen ikusi eta gero. Barne komunikazio ohar bat dela baieztatu dio eskolak eitb.eus-i.

"Zuen seme-alabekin hitz egiteko eskatzen dizuegu, 2020.09.17tik aurrera arauak betetzen ez dituen ikaslea koarentena gelara eramango baitugu eta ordubete izango baituzue bere bila etortzeko. Eskola utzi aurretik, zuek aurrean zaudetela, zuzendaritzako kide batekin solasaldia izango du".

Arau-haustea egiten duen ikaslea bi egunerako bidaliko dute etxera: "egun hori eta hurrengoa", eta denbora horretan "ez du ikastetxetik ez eskolarik ezta etxeko lanik ere jasoko. Ikasleak arduratu beharko du eskolan eman dena jakiteaz".

Zirkularra gurasoei eskerrak emanez amaitzen da, "ulertuko duzuelakoan".

DSBilbao eskolako oharraren irudia bolo-bolo zabaldu da Twitterren, eta dozenaka mezu sortu ditu, ia guztiak ikastetxearen jarrera goraipatuz. Erabiltzaileren batek idatzi duenez, Iruñeko eskola batetik ere antzeko mezu bat bidali zuten aurreko astean.

2020-2021 ikasturtea hasi eta bi astera hartu dute erabaki hau ikastetxean; COVID-19a dela eta, EAEko 111 eskolatako 172 ikasgela isolatuta dauden garaian.

Azken 24 orduetan 598 kasu berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, horietatik 266 Bizkaian.

Albisteak (5)