Itxi

KORONABIRUSA

150 isun jarri dituzte asteburu honetan Nafarroan, COVID arauak ez errespetatzeagatik

EITB.EUS

Leer en Castellano

Foruzaingoak herritarren 28 deiri erantzun die, horietako 17 botilioiengatik. Iruñean, gainera, dispositiboa partekatu dute udaltzainek eta foruzainek eta 42 salaketa jarri dituzte.

Iruñeko Udaltzaingoaren eta Foruzaingoaren dispositibo bateratua. Argazkia: @PamplonaIrunaPM

Nafarroako Foruzaingoak osasun araudia betetzen dela kontrolatzeko dispositibo berezia izan du martxan asteburu honetan, botilioiak, jende pilaketak, terrazetako distantziak eta maskararen erabilera zaintzeko. Ondorioa: 150 isun proposamen jarri dituzte, Iruñean gehienak.

Gainera, herritarren 28 dei jaso dituzte, horietako 17 botilioiengatik:

Ostiral gauean zazpi interbentzioa egin zituzten kaleko zurrutagatik Cordovillan, Vianan, Artikan, Etxarri-Aranatzen, Orkoienen, San Adrianen eta Beriainen, eta 30 isun proposamen jarri zituzten. Zangotzako patruila batek, gainera, Izabako taberna batean bezero batzuen inguruko salaketa jaso zuen, baita maskara gabe zeuden hainbat talderen ingurukoa ere. "Festarik egon ez" zedin, zaintza berezia egin zuten, bestalde, Tiebasen, Uharten eta Antsoainen (azken horretan 30 gazte identifikatu zituzten eta bat atxilotu -atxilotze agindua zuela ikusita-).

Larunbat gauean herritarrek 10 botilioiren berri eman zuten: Iruñean (4 interbentzio eta 16 salaketa), Barañainen (6 salaketa), Tuteran (9 salaketa), Irunberrin (2 salaketa), Aitzoainen (6 salaketa), Antsoainen (6 salaketa) eta Barasoainen (50 pertsonako kale zurruta -batzuk salatu zituzten eta gehienek ihes egin zuten-), Zarikiegin (bilera jendetsua elkarte batean), Garesen (12 salatu Askatasunaren plazan distantziak ez errespetatzeagatik), Mutiloagoitin (Mutiloa Plazan gazte pilaketa), Hiriberrin (jende taldeak), Uharten (10 salatu baratze batean), Zangotzan (gazte taldeak) eta Andosillan (festa 'pipero' batean -jabea salatu dute-).

Gainera, Iruñean, dispositibo berezia egin dute Udaltzaingoarekin batera, eta, guztira, 42 salaketa jarri dituzte: 16 kale zurrutagatik (Askatasunaren Plazan, Santa Luzian, Berriosuson eta Yamaguchin), 15 maskara ez erabiltzeagatik, 9 mahaietan distantzia ez errespetatzeagatik eta 2 kalean edateagatik.

Albisteak (3)