KORONABIRUSA
Kontaktu zuzenen berrogeialdia 10 egunera murriztu du Espainiako Gobernuak
EITB.EUS
Orain arte, 14 eguneko berrogeialdia egin behar zuten kasu positibo batekin kontaktu zuzena eta gertukoa izan dutenek.
Osasun Publikoaren Batzordeak 14 egunetik 10era murriztu du koronabirus kasu positibo batekin kontaktu zuzena izan dutenen berrogeialdia, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.
Salvador Illa Osasun ministroak gaur goizean aurreratu du murrizketa hori egitea aztertzen ari zirela, eta Kataluniako Gobernuak dagoeneko hartuta du neurria.
Kasu arinen kasuan, berrogeialdiak 10 egunekoa izaten jarraituko du, betiere azken hiruretan sintomarik izan ez badu. Hala gertatuz gero, ez da probarik egin beharko konfinamendua kentzeko edota lanera itzultzeko.
Sintomarik ez duten kasu positiboen kasuan, berrogeialdiak 10 egunekoa izaten jarraituko du diagnosia egiteko lagina hartu zenetik.
Osasun langileei dagokienez, berrogeialdiaren baldintzak berberak izango dira, baina haiei, ordea, diagnosi proba egin beharko zaie kutsatze epea igarota dutela egiaztatzeko.