Itxi

KORONABIRUSA

Sinovacen txerto txinatarra era masiboan eman ahalko da 2021. urtearen hasieran

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Sinovac farmazia txinatarreko presidentearen hitzetan, bere lantegiak urtean 300 milioi dosi ekoizteko ahalmena du eta datorren urte hasierarako era masiboan eman ahalko dute.

Txertoa. EFEren Artxiboko irudia

COVID-19aren kontrako txertoa lehenbailehen eskuratzeko lasterketak aurrera darrai. Eta badirudi Txina lehen postuan dagoela. Yin Weidong Sinovac farmazia txinatarreko presidenteak ostegun honetan ziurtatu duenez, euren txertoa da une honetan aurreratuen dagoena, eta baliteke datorren urte hasieran era masiboan eman ahal izatea herritarrei.

Hedabide batzuek laborategietara eta Pekingo lantegira egindako bisita batean, Weidongek esan du lantegiak urtean 300 milioi dosi ekoizteko ahalmena duela. Txertoa CoronaVac izenaz bataiatu dute.

Konpainia martxoan hasi zen koronabirusaren aurkako txerto hori ekoizteko neurrira eginiko lantegi bat eraikitzen, eta, dagoeneko, dosiak sortzen ari da duela zenbait astetik. Gainera, Weidongek azaldu du txertoa jartzeko zazpi metodo desberdin probatu dituztela, baina "txerto inaktibatuaren bidea onena" zela aitortu du.

Gaur egun, CoronaVac Brasilen, Turkian, Bangladeshen eta Indonesian probatzen ari dira: "Hobe da testak kanpoan egitea, Txinan pandemia ia-ia kontrolpean dagoelako, eta zaila izango litzateke hemen horren eraginkortasuna frogatzea", gaineratu du Sinovaceko presidenteak, eta txertoa beste herrialde batzuetan egiteko aukera ere aztertzen ari direla gaineratu du.

CoronaVac, emaitza oneko txertoa

Sinovacek irailaren 9an iragarri zuen CoronaVac txertoaren 1. eta 2. faseetako saiakuntzen emaitzek "segurtasun eta immunogenizitate ona" erakutsi zutela 60 urtetik gorako heldu osasuntsuengan eta 18 eta 59 urte bitarteko pertsonengan.

Helburua txertoa herritar guztiei eman ahal izatea litzateke, haur eta nerabeak barne, birusa eskoletatik eta haurtzaindegietatik desagerrarazteko.

Sinovacen txertoa, Sao Paulon egoitza duen Butantan institutu brasildarrarekin lankidetzan ekoizten dena, helduetan saiakuntzak egiteko azken fasean dago Brasil, Indonesia edo Turkia bezalako herrialdeetan.

Txinako lau txerto saiakuntza klinikoen 3. fasean daude egun (guztira bederatzi daude munduan), baina gainerako bostetako bat Fosun Pharma txinatarrak, Biontech alemaniarrak eta Pfizer estatubatuarrak osatutako partzuergo bateko kide da.

Sinovacena, Sinopharmena, Wuhango Produktu Biologikoen Institutuarena eta Cansino Biologicsena dira soilik erabat txinatarrak. Azken hori ekainaren amaieran erabiltzen hasi ziren Txinako Armadan.

Albisteak (3)