Itxi

Donostian

Metroko lanen Mirakontxa-Easo tartearen kontratua baliogabetzea aztertzen ari da ETS

EITB.EUS

Leer en Castellano

Hondarra agertzearen eta hondeaketaren bi frontetan ura ezustean agertzearen ondorioz, eraikuntza sistema berriak ezarri behar izan dira, eta horrek aurrekontua dezente igotzea eragin du.

Donostiako Topoko lanak. Argazkia: EiTB

Donostiako metroko Mirakontxa-Easo tarteko saihesbideko lanen kontratua bertan behera uztea aztertzen ari da Euskal Trenbide Sarea, proiektua gauzatzean sorturiko gorabehera geologikoen ondorioz nabarmen handitu delako aurrekontua.

Hondeaketa lanen fronteetako batean, lurraren etenak ustekabeko ur-jarioa eragin zuen joan den ekainean, eta horrek Kontxako pasealekuko eraikin batean zuloa eragin zuen. Ezusteko horri irtenbidea bilatu nahian, mortero-esne injekzio delakoak jartzen ari dira, lurra sendotzeko helburuarekin.

Era berean, Easo inguruan sakonera handiko tarteetan hondarrak agertu zirenez urtarriletik hona, Jet Grouting izenez ezaguna den eraikuntza sistema ezarri behar izan dute, oso trinkoak ez diren lurzoruak tratatzeko presio altuko teknika bat, lurra zementuarekin nahastu eta hura ordezkatzeko. Gauzak horrela, lurraren iraupen gaitasuna hobetzen da.

Arazo horiek konpontzeko teknikak ezarri behar izateak, ordea, kontratazio legeak baimentzen duena baino kostu handiagoa dakar aurrekontuan, eta, ondorioz, egungo kontratua baliogabetzeko aukera aztertzen ari da ETS. Proiektu berria bi hilabetetan adostuko litzateke. Gaur egungo lizitazioaren % 95ean egongo litzateke oinarrituta eta  eraikuntza-irtenbideak aintzat hartuko lituzke. Gainera, urtea amaitu aurretik prest egongo litzateke lehiaketan aurkezteko eta kontratua bere egiten duenak maiatz aldera berrekin ahalko die obrei.

Bitartean, lanak ez dira geldituko, izan ere, aldi baterako enpresa elkarteak segurtasuna bermatzeko lanen ardura izango du eta lur gaineko lanak normaltasunez egingo dira, herritarrei kalterik ez eragiteko.

Gaur egun, bi kilometro inguruko luzerako Mirakontxa-Easo zatiko obraren % 40 inguru eginda dago jada. Easo haitzuloan estaldura lanak egiten ari dira, eta, aldi berean, Morlansen, Autonomiako kanoian eta San Martin kalean mikropiloteak jartzen ari dira, etorkizuneko Loiola kaleko sarbiderako.

Bigarren zatiko eragozpenekin alderatuta, hondeaketa lanek eraginkortasunez egin dute aurrera 2.140 metroko luzerako Lugaritz-Mirakontxa tartean, eta bukaturik omen daude jada. Bentaberriko haitzuloa, bestalde, estalita dago. Lugaritzen trenbidearekin lotzeko lanek aurrera dihardute, bai eta tunelaren estaldurak eta Bentaberri plazara eta kiroldegira sartzeko kanoiek ere.

Albisteak (2)

Bideoak (1)