INTERNET
Euskadiko biztanleen % 82,6k Internet erabiltzen du
Agentziak | Erredakzioa
% 24,7k euskaraz nabigatzen du. Ia ikasle guztiek, % 99,7k, erabiltzen dute Internet. Nabarmentzekoa da 65 urte edo gehiagoko erabiltzaileen kopuruak gora egin duela, Eustaten arabera.
15 urtetik gorako EAEko biztanleen % 82,6k Internet erabiltzen du, % 2,4 gehiago, eta % 24,7k euskara erabiltzen du nabigatzeko, % 0,2 gutxiago.
Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) familien teknologia berrien erabilerari buruzko datuak argitaratu ditu asteazken honetan, 2020ko lehen hiruhilekoari dagozkionak.
Horren arabera, ia ikasle guztiek, % 99,7k, erabiltzen dute Internet; lanean ari den biztanleriaren ehunekoa % 97,9koa da, eta ez-aktiboen eta langabeen kolektiboa % 60,4koa.
Nabarmentzekoa da 65 urte edo gehiago dituzten Interneteko erabiltzaileen kopurua 4,7 puntu igo dela, eta 55 eta 64 urte bitartekoena 4,5 puntu.
Hala ere, 65 urte eta gehiago dituztenen % 42k soilik erabiltzen dute sarea; 55 eta 64 urte bitartekoen artean, berriz, % 90,4k erabiltzen dute, eta gainerako adinetan % 96,8k.
Araban hazi da gehien ehunekoa, 4,2 puntu (erabiltzaileen % 84,5), Gipuzkoan % 83,2 (+3,5 puntu) eta Bizkaian % 81,7 (+1,1 puntu).
Nabigatzeko lehentasunezko hizkuntza gaztelania ( % 97,8), euskara ( % 24,7) eta ingelesa ( % 18,3) dira.
Eustaten arabera, Euskadiko biztanleen % 45,2k Internet bidez erosi dituzte ondasunak eta zerbitzuak azken hamabi hilabeteetan.
Komunikazioari eta informaziorako sarbideari lotutako zerbitzuak dira erabilienak, eta ohikoenen artean daude posta jaso edo bidaltzea ( % 81,4), albisteak, egunkariak edo aldizkariak irakurtzea ( % 77,5) eta informazioa bilatzea ( % 67,1).
WhatsApp sare soziala eta mugikorrerako antzeko aplikazioak dira erabilienak, eta 65 urtetik gorakoek gutxiago erabiltzen dituzte.
Sexuen arabera, emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dituzte osasunarekin lotutako zerbitzuak, eta online ikastaro gehiago egiten dituzte; gizonek, berriz, albiste gehiago irakurtzen dituzte, programa gehiago ikusten dituzte eta gehiago jokatzen dute.
Lehen hiruhilekoan familien % 85,1ek Interneterako konexioa zuten etxeetan, 3,8 puntu gehiago.
Etxeen % 75,5ek ordenagailua du eta % 96,1ek telefono mugikorrak.