Itxi

sismo berria

4,6ko lurrikara batek Nafarroa astindu du

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Dardara 00:02ean sentitu da eta, horren ostean, 3,4 eta 2,8ko beste bi erreplika erregistratu dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nafarroan, hainbat lurrikara izan dira azken orduetan. Handiena, 4,6koa, 00:02an gertatu da, kilometro bateko sakoneran, eta Eguesibarreko Lizoain herrian izan du epizentroa. Ondoren, 3,4ko eta 3,8ko erreplikak izan dira. Guztira, 30etik gora astindu zenbatu dituzte inguru horretan azken orduetan.

Lurrikarak Nafarroan ez ezik, Aragoin, Errioxan, Euskal Autonomia Erkidegoan edota Katalunian ere sentitu dituzte.

Esate baterako, Eguesibarren eta Iruñerrian ez ezik, Tuteran, Lizarran, Lesakan, Izaban, Donostian, Logroñon, Zaragozan, Huescan edo Bartzelonan ere nabaritu dituzte lurraren astinduak.

Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak bere webgunean jakinarazi duenez, 4,6ko mugimendu sismiko horren ostean, 1,9ko eta 3,4ko beste bi izan dira 00:11n eta 00:23an, eta bi kasuetan Eguesibar izan da epizentroa.

Gerora, 01:37an, 3,8ko indarra izan duen lurrikara gertatu da, eta azken horrek ere Lizoain izan du epizentro.

4,6ko lurrikararen aurretik, 23:46an, 1,5eko indarra izan duen lurrikara izan da Eguesibarren eta beste bat, 20:44an, Zabaltzan.

Aparteko kalterik ez

Sare sozialetan hainbat herritarrek azaldu dutenez, etxeetako apaletatik objektuak lurrera erori dira. Dena den, ez da aparteko gorabeherarik izan, Nafarroako Gobernuak ostegun honetan jakinarazi duenez. 

Astinduek, hori bai, egonezina eragin dute bizilagunen artean eta Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetan hainbat eta hainbat telefono dei jaso dituzte, lurrikarak ote ziren galdetuz.

Bakarrik bizi den jende asko beldurtu da eta Larrialdi Zerbitzuetara deitu dute

Ustez Lurraren mugimenduekin lotuta, suhiltzaileek egin behar izan duten esku-hartze bakarra Arangurengoa izan da. Ur deposito bat erortzear zegoen, tutu bat askatu egin da eta, ondorioz, ur-ihesa gertatu da.

Koldo Albirak, lurrikara gehienen epizentro izan den Lizoainibar-Arriasgoiti bailarako alkateak, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez, astindua izan da eta dena mugitu da. "Burrunba indartsua izan da eta herritarrak beldurrez daude", azpimarratu du.

Arturo Apraiz geologian espezializatuta dagoen EHUko doktoreak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du Euskadi Irratiko "Faktoria" albistegian: "Oso zaila da oraingoak baino maila handiagoko lurrikarak izatea Nafarroan".

Nola igaro dute gaua Iruñeko bizilagunek?

Bideoak (1)