Itxi

Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak San Adrian ere konfinatuko du, COVID-19ari aurre egiteko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Faltzes eta Funes bezalako udalerrietan indarrean dauden neurri murriztaileak ezarriko dituzte. Gainera, gaur egungo prebentzio neurriak urriaren 8ra arte luzatuko dituzte Foru Erkidegoan.

Maskara jantzita duen pertsona bat. Argazkia: EFE

Nafarroako Gobernuak eta San Adriango Udalak udalerri hori ere konfinatzea adostu dute ostegun honetan, COVID-19aren goranzko bilakaerari aurre egiteko helburuarekin. Izan ere, azken 14 egunetako intzidentzia metatua 1.399 kasukoa da 100.000 biztanleko. Hain zuzen ere, 6.200 biztanle inguru dituen udalerria da.

Zehazki, Peralta, Faltzes eta Funes bezalako herrietan azken egunetan ezarri dituzten neurri murriztaileen antzekoak ezarriko dituzte San Adrianen, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

San Adrian, Calahorratik (Errioxa) gertu dago, eta han ere koronabirusaren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri bereziak ezarri dituzte osasun arloko agintariek. Gaur jakinarazitako neurri murriztaileak ostiral gauerdian sartuko dira indarrean (alegia, urriaren 3ko 00:00etan).

Ildo horretatik, neurri murriztaileek ordutegietan, edukieretan eta talde bakoitzeko pertsona-kopuruetan izango dute eragina, eremu publikoan (ostalaritzan, merkataritzan, kirol jardueran edo kulturan) zein pribatuan. Gainera, udalerriko irteeretarako eta sarreretarako mugak ere aurreikusi dituzte, ezinbesteko joan-etorriak baimenduko baitira bakarrik.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak Foru Agindu bidez onartutako neurriek, astebeteko iraupena izango dute, baina egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera luza daitezke.

Testuinguru horretan, eremu pribatuan 6 pertsonatik gorako taldeak debekatzen dira gaur bertan onartutako neurri horien artean (eremu publikorako indarrean dago jada). Izan ere, San Adrianen orain arte atzeman dituzten koronabirus kasu gehienak familia, gizarte eta lan-jatorriko agerraldiekin lotuta daude.

Halaber, udalerriaren sarrerak eta irteerak mugatzen dira; laneko, osasuneko eta hezkuntzako betebeharrekin zerikusia duten joan-etorriak izan ezik, baita ohiko bizilekura itzultzea, pertsona zaurgarrientzako arreta eta ezinbesteko beste arrazoi batzuk salbuetsita.

Foru Aginduak jasotzen duenaren arabera, ostalaritza-establezimenduek % 50eko edukiera izango dute baimenduta (barruan eta terrazetan), 22:00etarako itxi beharko dute eta gehienez 6 pertsonako taldeak dituzten mahaietan bakarrik eman ahalko dute zerbitzua.

Merkataritzan eta azoka txikietan ere edukiera-muga hori bera ezarriko dute, eta, horrez gain, beste murrizketa batzuk egingo dira hainbat gizarte-ekitalditan. Halaber, kirol-instalazioak, kultura-instalazioak eta parke publikoak itxiko dira. Hezkuntzan, berriz, dagokion protokoloak agintzen du.

Zigorrei dagokienez, gaur egun indarrean dagoen 9/2020 Foru Lege Dekretua aipatzen du Foru Agindu berriak. Dekretu horrek, 3.000 eurorainoko zigorrak aurreikusten ditu arau-hauste arinen kasuan, eta 3.000 eurotik 60.000ra bitartekoak larriak badira.

Nafarroako Gobernuak datorren ostegunera arte, urriak 8, luzatuko ditu COVID-19ak eragindako kutsatzeen kurba murrizteko neurriak, irailaren 11n onartutakoak.

Gainera, gaur egungo prebentzio neurriak urriaren 8ra arte luzatuko dituzte Foru Erkidegoan, COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko helburuarekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (3)